Igandeko Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala aurkeztu dute

Andoni Elduaien 2020ko abe. 10a, 08:11
'Txikia Iv.a', ezker aldean gorriz. (Argazkia: Aizkolari Txapelketa Nagusia)

Igandean, Bilboko Bilbao Arenan jokatuko dute finala sei aizkolarik. Tartean izango da Julen Alberdi 'Txikia IV.a' azkoitiarra.

Datorren igandean, abenduak 13, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko du Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak. 12:00etan hasiko da finala, eta promozio mailako txapelketako finala ere jokatuko dute egun eta leku berean. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten finala.

Zestoan (Gipuzkoa) jokatu zuten lehenik kanporaketa, eta han denborarik onena lortu zuten sei aizkolarik lortu zuten finalera sailkatzea. Txikia IV.az gain, finalean izango dira Iker Vicente egungo Euskal Herriko txapelduna, Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Jon Irazu. Hamabi enbor ebaki beharko dituzte sei aizkolari finalistek final nagusian: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.

Federazioaren estalpetik kanpo, aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izan da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. "Federazioakin izandako desadostasun handiena kirolari itxura aldaketa bat eman nahi izatea izan zen, eta hori egin nahi izan dugu. Lehengo jatorria eta sustraiak mantendu ditugu, betiko lana egin beharko dugu egurrei dagokionez, baina itxura berritzaileago batekin. Berritasun ugari izango dira ikusgai txapelketan", azaldu zuen Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak.

Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileen ondorioz, finala zalerik gabe jokatu beharko dute aurten. Hala eta guztiz ere, ETB1ek zuzenean eskainiko du finala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide