Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu da Julen Alberdi 'Txikia IV'.a

Andoni Elduaien 2020ko urr. 24a, 20:49

Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan jokatu dute kanporaketa Lehen Mailako hamar aizkolarik, eta laugarren denbora onena eginda, azaroaren 29ko final handira sailkatu da.

Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalerako sailkapena lortu du gaur, larunbata, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. Lehen Mailako hamar aizkolarik parte hartu dute arratsaldeko lehian. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen Euskal Herriko Txapelketatik aldenduta, aizkolariek beraiek antolatutako txapelketaren bidea hasi dute gaur, Zestoan. 

Alberdi aizkolari azkoitiarraz gain, beste bederatzi herri kirolarik parte hartu dute kanporaketan: Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa. Bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko ebaki behar izan dituzte aizkolariek Zestoan. 

Hiru txandatan banatuta aritu dira hamar aizkolariak. Lehen txandan aritu dira Aitzol Atutxa, Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza. Atutxa izan da azkarrena, lanak 20 minutu eta segundo batean amaituta. Bigarren txandan, Iker Vicente nagusitu da kronoa 19 minutu eta 31 segundoan geldituta; nafarraren atzetik sailkatu diran Jon Irazu eta Jon Rekondo. Hirugarren eta azken txandan parte hartu du Julen Alberdi Txikia IV.ak. Azkoitiarrak laukoteko hirugarren denbora onena egin du, baina nahikoa izan du sailkapena lortzeko. Txanda Mikel Larrañagak irabazi du, eguneko denbora onena eginda –18 minutu eta 46 segundo–.  Eneko Otaño beizamarrak amaitu ditu lanak bigarren postuan, hirugarren Alberdik eta laugarren postua lortu du Jesus Mujikak. Honako sei aizkolari hauek sailkatu dira azaroaren 29an Bilboko Bilbao Arenan 12:00etan jokatuko duten final nagusira:

  • Mikel Larrañaga (18 minutu eta 46 segundo)
  • Iker Vicente (19 minutu eta 31 segundo)
  • Eneko Otaño (19 minutu eta 45 segundo)
  • Julen Alberdi Txikia IV.a (19 minutu eta 51 segundo)
  • AItzol Atuxa (20 minutu eta segundo bat)
  • Jon Irazu (21 minutu eta segundo bat)

Finalerako sarrerak Aizkolari Txapelketa Nagusiaren webgunean jarriko dituzte salgai laster. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide