Mantso bada ere, beheranzko joerari eusten dio Azkoitiko intzidentzia tasak

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 27a, 15:30

Poliki-poliki, baina hobetuz doa herriko egoera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, atzo hiru positibo baieztatu zituzten Azkoitian, eta 43 izan dira azken zazpi egunotan; joan den ostiralean, 54 ziren astebetean zenbatutako positiboak. Positiboen kopuruak gutxitu izanaren eragina antzematen da intzidentzia tasaren bilakaeran ere: duela bi aste 1.309,52 zen tasa, joan den ostiralean 967,55 zen eta gaur 809,07 da, azken bi hilabeteotako baxuena.

Motel, baina murrizten ari da koronabirusaren eragina Azkoitian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratu dituen datuek ere hori berresten dute. Atzo hiru positibo baieztatu zituzten herrian, eta 43 izan dira azken zazpi egunotan. Joan den astekoa baino kopuru txikiagoa da: orduan 54 ziren astebetean zenbatutako positiboak. Azken zazpi egunetan, sei lagun pasatxok eman dute positibo, batez beste.

Positiboetan izan den jaitsiera hori islatzen du intzidentzia tasaren bilakaerak ere. Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko, eta grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Ikasturtea hastearekin batera igotzen hasi zen herriko intzidentzia tasa ere, eta azaroaren 6ra arte maldan gora jarraitu zuen, atsedenik gabe. Orduan jo zuen goia, 1.459,67ra iritsita, eta kosta egin zitzaion beheranzko bidea hartzea. Hala ere, egiten duena behera egiten du, eta ez da seinale txarra. Duela bi aste 1.309,52 zen, joan den ostiralean 967,55, eta gaur 809,07 da. Azken bi hilabeteotako baxuena da.

Eskualdean ere, hobera egin du egoerak

Azpeitian ez ezik, eskualdeko egoerak ere nabarmen egin du hobera azken astean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 22 positibo zenbatu zituzten atzo; asteazkenean baino bat gutxiago, asteartean baino zazpi gutxiago eta astelehenean adina. Asteko joera hori izan da, beraz: eguneko 20-30 positibo berri. Badira batzuk, baina duela aste batzuetako datuen ondoan, askoz gutxiago dira.

Zarautz da atzo positibo gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria: hamar, hain zuzen. Azpeitian, Azkoitian, Getarian eta Orion hiruna baieztatu zituzten, eta gainontzekoetan, bakar bat ere ez. Iragan ostiralaz geroztiko datuei erreparatuta ere, Zarautz izan da positiborik gehiena atzeman dituzten herria: 55. Azkoitian 43 izan dira, Azpeitian 34, Orion 16, eta gainontzekoetan hortik behera.

Intzidentzia tasak ere apaltzera egin du oro har. Jaitsierarik deigarriena Zumaiak izan du: duela aste batzuk ia 2.000ra iritsi zen 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo kopurua, eta gaur 193,38 da. Azpeitian ere bi astean erdira jaitsi da: gaur 604,45 da, eta orain dela bi aste 1.200dik gorakoa. Orion, aldiz, kezkatzeko zifrak dituzte; 890,94 da tasa.

Hego Euskal Herriko egoera ere duela aste batzuk baino askoz hobea da. Atzo 14.143 PCR eta antigeno test egin zituzten eta 785ek eman zuten positibo; horrenbestez, %5,5ekoa da positibotasun tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezperan baino gutxiago izan ziren; Nafarroan, aldiz, gehixeago. Dena dela, gaurko datuek ez dute zerikusirik duela aste batzuetakoekin, egun batzuetan 2.000 positiboen langa ere gainditu zelako. Erietxeetako egoerak ere hobera egiten ari da pixkanaka; bi astean %40 murriztu dira ospitaleratzeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide