Beste 11 positibo zenbatu dituzte herrian

Anartz Izagirre 2020ko aza. 24a, 13:39

Urola Kostan 22 positibo atzeman zituzten atzo, horietatik erdiak Azkoitian. Intzidentzia tasak beheranzko joerari eusten dio, baina inguruko beste zenbait herritan baino motelago. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman berri du atzo, astelehena, PCR eta antigeno probetan positibo eman zutenen kopurua. Eskualdeko egoerak oro har hobera egiten jarraitzen duen arren, ezin esan Azkoitiko azken datuak onak direnik. Izan ere, atzo Azkoitian zenbatu zituzte eskualdeko positiboen erdiak: 22tik 11, hain zuzen. Hilaren 18tik ez zen halako datu txarrik erregistratzen herrian —21 zenbatu zituzten orduan—. 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasak jaisten jarraitzen du, baina inguruko herrietan baino motelago. 884,14 da gaur-gaurkoz.

Bestalde, Zarautzen bost kasu zenbatu zituzten atzo, herenegun baino kasu bat gehiago, eta semaforo laranjan jarraitzen du, 429,17ko intzidentzia tasa baitu. Orion, aldiz, bi kasu zenbatu zituzten atzo, eta joan zen asteleheneko datuekin alderatuta beherakada izan bada ere —zazpi zenbatu zituzten orduan—, eskualdeko intzidentzia tasarik altuena Oriok du oraindik, 1.072,43koa, hain zuzen. Azpeitian ere bi kasu zenbatu zituzten atzo, joan zen asteartean baino bederatzi gutxiago, eta egunez egun positiboen kopuruak zein intzidentzia tasak jaisten jarraitzen dute. Gaur-gaurkoz, 763,87 da Azpeitiko intzidentzia tasa.

Getarian eta Zestoan kasu bakarra zenbatu dute, baina intzidentzia tasa altua izaten jarraitzen dute bi herriek; hurrenez hurren, 948,70 eta 756,59. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zumaian, aldiz, ez zuten kasu berririk hauteman atzokoan. Nabarmentzekoa da Zumaian positiboen kopuruak izan duen beherakada; semaforo gorrian zegoen joan zen asteartean, eta laranjan dago orain, 300,34ko intzidentzia tasarekin.

Positibotasun tasak, behera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.767 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 610 pertsonak eman zuten positibo —87k Araban, 285ek Bizkaian, 235ek Gipuzkoan eta hiruk lurralde horietatik kanpo—; hau da, %6,3koa da gaur-gaurkoz positibotasun tasa. Joan zen asteartean %8,9ko positibotasun tasa zuten hiru lurraldeek; beraz, astebetean behera egin du tasak. Igandeko datuekin alderatuta, ordea, positibo kopuruak gora egin du, 499 izan baitziren orduan. 

Hiru lurraldeetako ospitaleratzeei erreparatuz, datu kezkagarriak utzi zituen atzoko egunak; 58 ospitaleratze berri izan ziren atzo, joan zen asteartean baino gutxiago, baina azken hiru egunetan baino gehiago. Uneotan 417 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan COVID-19a dela eta; ZIUn ospitaleratuta daudenak, berriz, 140 dira.

Bestalde, Osasunbideak adierazi duenez 140 kasu berri zenbatu zituzten atzo Nafarroan, herenegun baino 27 gehiago. Halere, positibotasun tasak behera egin du; 2.038 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta %6,9 izan zen positibotasun tasa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide