Azken hiru egunotan hogei positibo baieztatu dituzte herrian

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 23a, 13:39

Joan den asteburuko datua baino okerragoa izan arren, aurreko asteburu askotakoa baino hobea da. Intzidentzia tasa, berriz, ostiraleko bera da: 100.000 biztanleko 967,55. Duela astebete 1.234,46 zen.

Ostiraletik igandera herrian hogei positibo baieztatu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: ostiralean bost, larunbatean bederatzi eta igandean sei. Joan den asteburukoa baino kopuru handiago da —11 izan ziren orduan—, baina aurreko asteburu askotan baino txikiagoa. Intzidentzia tasa, berriz, ostiraleko bera da: 100.000 biztanleko 967,55. Duela astebete 1.234,46 zen.

Azkoitiko hogei kasuez gain, beste 57 zenbatu dituzte eskualdean. Orain zazpi egun emandako datuekin alderatuta, hemezortzi kasu gutxiago izan dira –95 kasu izan ziren azaroaren 13tik 15era bitartean—. Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 23 kasu izan dira guztira kostaldeko herri horretan; Azpeitian hamabost izan dira, Orion zazpi, Zestoan lau, hiruna Aian eta Zumaian, eta bi Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik izan asteburuan. 

100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen tasa kontuan hartuta, Azpeitia eta Azkoitia milako tasatik jaitsi dira: 967,55eko tasa du Azkoitiak eta 928,28koa Azpeitiak. Hala ere, semaforo gorria piztuta mantentzen da bi herrietan. Baita Orion ere; 1.105,43ko tasarekin, milako langa igarotzen duen herri bakarra da, Errezilekin batera. Zarautzen eta Zumaia semaforo laranja dute piztuta: 497,89ko eta 356,23ko tasak dituzte, hurrenez hurren.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positiboen kopuruak. 867 kasu izan ziren ostiralean, 641 larunbatean, eta 499 igandean. Asteburuetan, normalean, PCR eta antigeno test gutxiago egin dituzte, eta neurri batean, horren ondorio ere izan daiteke positiboen beherakada. Dena dela, albiste baikorra da halere.

449 pertsona zeuden atzo hiru lurraldetako ospitaletan, horietatik 141 zaintza intentsiboko unitatetan.

Nafarroako Gobernuak ez du oraindik asteburuan izandako kasuen berri eman.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide