Positiboen kopuruak nabarmen egin du behera Azkoitian

Anartz Izagirre 2020ko aza. 20a, 14:11
Abuztuaren 1etik atzora arteko positiboen eta astebeteko bataz bestekoaren grafikoa.

Herenegungo igoeraren ostean, berriro ere behera egin dute kasuek Azkoitian; hiru kasu zenbatu zituzten atzo, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa 967,55ekoa da orain. Azken zazpi egunetan 54 kasu zenbatu dituzte herrian, joan zen astean baino zortzi gutxiago, eta azken zazpi egunetako batez bestekoa 7,7koa da.

Astean zehar herriko positiboen kopurua igotzen joan bada ere, hautemandako kasu berrien kopurua asko jaitsi zen atzo, osteguna, Azkoitian. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hiru kasu hauteman zituen herrian, herenegun baino hemezortzi gutxiago, eta horrek 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasan eragina izan du; izan ere, 967,55ekoa da orain —joan zen ostiralean 1.309,52koa zen–. Azken zazpi egunetan guztira 54 kasu hauteman dituzte herrian, eta azken zazpi egunetan 7,7 lagunek eman dute positibo, batez beste. Osasun Sailak ez du zehazten zenbat PCR eta antigeno test gauzatzen dituen herri bakoitzean, baina atzokoan ere egin zituzten batzuk herrian.

Osakidetzak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko. Beheko grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irailaren hasieratik, gorabehera handiekin, baina goranzko joera izan du intzidentzia tasak, eta azaroaren 6an jo zuen goia Azkoitian, 1.459,67ra iritsita. Harrezkero apaltzera egin du, baina oraindik ere 500dik gora dago eta semaforo gorrian jarraitzen du Azkoitiak.

Azkoitikoaz gain, Urola Erdiko beste bi herri handienen tasa ere ekarri du Maxixatzen.eus-ek goiko grafikora. Azkoitian bezalaxe, Azpeitian ere ez dituzte batere datu onak, baina ia bi hilabete etenik gabe igaro ostean, Osakidetzak atzo ez zuen positiborik detektatu Azpeitian egindako koronabirusa atzemateko probetan. Atzokoa salbuespena izan zen, dena den; izan ere, joan zen ostiraletik atzora bitartean 57 kasu zenbatu dituzte Azpeitian –joan zen astean 104 izan ziren–, horietatik 34 astelehenetik atzora bitartean. Azken zazpi egunetan zazpi lagunek eman dute positibo, batez beste, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 1.069,41ekoa da oraindik Azpeitian.

Zestoan ere behera egin du intzidentzia tasak joan zen astetik, eta milatik behera kokatuta segitzen du: hain zuzen ere, atzoko datuei erreparatuz gero, 756,59 da tasa. Atzokoan lau positibo atzeman zituen Osakidetzak Zestoan, eta azken astebetean, berriz, hamar.

Grafikoan hainbat gorakada ikus daitezke, eta handiena, ezbairik gabe, urriaren bukaeratik azaroaren erdi aldera bitartean eman da Urola Erdian. Izan ere, pandemiak sasoi horretan jo du gogorren eskualdean. Aurretik beste gorakada batzuk ere ikus daitezke grafikoan: horiek koronabirus agerraldiekin eta fokuekin dute zer ikusia, baita baheketa selektiboekin ere.

Errezilgo datuak ere ez dira onak, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez –628 zehazki–, tasak eta batez bestekoak oso aldakorrak dira. Azken zazpi egunetan lau errezildarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, eta herri horretako azken astebeteko 100.000 biztanleko positibotasun tasa 636,94 da –joan zen ostegunean, berriz, 1.751,54 zen–. Dena den, azken hamalau egunetakoa kontuan hartuz gero, jaisten ari bada ere, oraindik ere oso altua da tasa: 2.388,54.

Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo zazpi kasuez gain, Urola Kostan beste hainbat positibo ere detektatu zituen Osakidetzak: Getarian hiru, Orion bat, Zarautzen bost eta Zumaian lau.

1.092 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo COVID-19a atzemateko 16.761 test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira, 1.092 kasu zenbatu dituzte. Behera egin du, beraz, proba egin eta positibo eman dutenen kopuruak: herritarren %6,52k eman zuten positibo testetan —herenegun %7,1ek—. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien: 412. Gipuzkoan, berriz, 407 atzeman dituzte, 109 Araban eta Nafarroan 157. Apaltzera egin du, beraz, positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuena arabera, koronabirusa tarteko 62 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur egun 475 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan; horietatik 135 ZIUn. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du eman ospitaleen egoerari buruzko daturik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide