Maskara kirurgikoek ezingo dute 0,72 euro baino gehiago balio

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 13a, 08:00

Espainiako Gobernuak maiatzean erabaki zuen maskara kirurgikoei gehienezko salneurria ezartzea, "gehiegikeriak saihesteko". Orduan, 0,96 eurora mugatu zuen horien prezioa; baina orain, "merkatuko egoera beste bat izanik", erabaki du salneurri hori jaistea.

Maskara kirurgikoen gehienezko salneurria %25 murriztea erabaki du Espainiako Medikamentuen eta Osasun Produktuen Prezioen Ministerio Arteko Batzordeak. Horrela, aurrerantzean ezingo dute balio 72 zentimo baino gehiago —orain arte 0,96 euroko gehienezko prezioa zuten—.

Erabilera bakarreko maskarek, gaur-gaurkoz, %21eko Balio Erantsiaren Zerga (BEZ) ordaintzen dute, eta atzo, prezio berria ezartzerakoan, kopuru hori hartu zuten kontuan. Datorren asteartean, baina, maskarei %4ko BEZ supermurriztua ezartzea onartuko du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Hori horrela, litekeena da datozen egunetan gehienezko salneurria are gehiago murrizteko erabakia hartzea.      

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide