Beste hamar positiborekin, Azkoitiak du eskualdeko intzidentzia tasarik altuena

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 11a, 13:43

Beste hamar positibo baieztatu ditu herrian Osasun Sailak; astelehenean baino gutxiago dira, baina, hala ere, asko. Horiekin, 95 dira azken astean zenbatu dituztenak. Ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua 1.426,31 da, eskualdeko handiena.

Atzo herrian hamar positibo baieztatu zituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Asteleheneko datua baino hobea da, 21 izan zirelako orduan, baina, hala ere, ez da datu ona. Eta intzidentzia tasak goranzko joerari eusten dio. 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopurua 1.392,94 zen herengun, eta 1.426,31 zen atzo, eskualdeko altuena.

Urola Kostan, berriz, gorabeherekin jarraitzen du positibo berrien kopuruak, eta beherakoa egokitu zen atzo. 53 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 31 gutxiago. Azpeitian eta Zarautzen 11na zenbatu zituzten, Zumaian zortzi, Orion zazpi, Zestoan lau eta Getarian bi. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zen positiborik izan atzo.

Hego Euskal Herrian beherantz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beherantz egin du positibo eman dutenen kopuruak. Egindako 17.890 PCR eta antigeno probatan 1.401 positibo atzeman zituzten; egindako proben %7,8k eman zuten positibo. Bezperan 1.529 positibo zenbatu zituzten hiru lurraldetan. Bizkaian detektatu zituzte positibo gehien, 676; Gipuzkoan 569 kasu atzeman zituzten, eta 142 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten egindako probetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du ospitaleratutakoen datua berritu; bai, ordea, ZIUn daudenea. Datu hauen arabera, 133 lagun zeuden atzo hiru lurralde hauetako ospitaletako ZIUtan. 

Nafarroako Gobernuak ez du datu ofizialik eman, baina atzo beste 242 kasu izan zirela aurreratu du. Beste hiru lurraldetan ez bezala, datuek gora egin dute Nafarroan, 217tik 242ra, hain zuzen ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide