Beste hamabost positibo zenbatu dituzte herrian

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 29a, 14:04

Berriz ere gora egin du positibo berrien kopuruak herrian: beste hamabost atzeman ditu Osasun Sailak, eta horiekin, 88 dira azken astean zenbatu dituenak. Hamalau eguneko intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 100.000 biztanleko 1.242,81.

Datu txarrak eman ditu gaur ere Osasun Sailak: beste hamabost positibo atzeman ditu herrian, eta horiekin, 88 dira azken zazpi egunetan zenbatu dituenak. Ondorioz, hamalau egunetako intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 100.000 biztanleko 1.242,81ekoa, hain zuzen.

Hala ere, eskualdean badira Azkoitia baino okerrago dauden herriak: Zumaia eta Azpeitia. Zumaian, beste hamasei kasu atzeman ditu Osasun Sailak, eta 1.882,95 da 100.000 biztanleko tasa. Azpeitian, berriz, zortzi positibo berrirekin, 1.653,94ko tasa dute.

Beizaman eta Aizarnazabalen izan ezik, eskualdeko beste herri guztietan zenbatu zituzten kasu positiboak atzo: Zarautzen bederatzi, Orion bost, Getarian lau, eta Aian, Errezilen eta Zestoan bana. Orotara, 60 positibo eskualdean.

Hego Euskal Herriko datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezperan baino positibo gutxixeago atzeman zituzten atzo: 1.138 positibo detektatu zituzten, (1.154 ziren bezperan) egindako 17.159 PCR eta antigeno probatan. Proba egin zuten herritarren %6,8k eman zuten positibo. Gipuzkoan izan dira beste behin ere kasu gehien, 564 kasu (intzidentzia tasa 847,45 da); Bizkaian 524 kasu izan ziren atzo; eta Araban, 125. Hiru lurraldetako intzidentzia tasa 607,03 da.

Ospitaleratuen kopuruari dagokionez, 386 lagun daude erietxeetan, bezperan baino hemeretzi gutxiago, nahiz eta atzokoan beste 57 lagun ospitaleratu zituzten. ZIUn daudenen kopuruak, ostera, gora egin du; atzoko datuen arabera 79 lagun zeuden ZIUn, bezperan baino lau gehiago. 

Nafarroan, 552 positibo zenbatu zituzten atzo, egindako 4.284 probatan. %12,9koa da hango positibitate tasa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide