Beste sei kasu positibo zenbatu dituzte Azkoitian

Onintza Lete 2020ko urr. 28a, 13:37

Azken orduetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzetan 68 positibo berri atzeman ditu Osakidetzak eskualdean, eta kasu gehienak Azpeitian atzeman dituzte, 24. Azkoitian, berriz, aurreko egunean baino hiru kasu gutxiago zenbatu dituzte. 1.159,4 da Azkoitiko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa.

Osakidetzak eman dituen azken datuen arabera, atzo egindako PCR eta antigenoen probetan sei positibo atzeman zituen Osasun Sailak Azkoitian –aurreko egunean baino hiru gutxiago– eta 68 kasu Urola Kostan. Eskualdeko herrien artean Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien: 24, aurreko egunean baino hamabost gehiago. 

Eskualdeko gainerako herrietan antzeratsu daude datuak: hamalau kasu Zumaian (bezperan ere bai), hamabi kasu Zarautzen (bezperan hamar), sei kasu Zestoan (bezperan hiru), bat Errezilen (bezperan bi), bi Getarian (bezperan bezala), eta hiru Orion (bezperan kasu bakarra). Eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duen herria Errezil da: 4.936,31.

1.159,4 da Azkoitiko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, eta azken hamalau egunetan, guztira, 139 kasu berri atzeman dituzte herrian. Pandemia hasi zenetik, 434 positibo zenbatu dituzte Azkoitian. 

Datuak lurraldeka

Eusko Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera, Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu gehien azken orduetan: 511 (bezperan 413). Bizkaian, 500 kasu detektatu zituzten (bezperan ), eta Araban 143 (bezperan 86). Alde handiarekin, hiru lurralde horietako intzidentzia tasa altuena izaten segitzen du Gipuzkoak, azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta. Izan ere, lurralde horretan, 100.000 biztanleko 811 pertsona kutsatu dira azken bi asteetan (Bizkaian 478 eta Araban 393). Guztira 15.509 proba egin zituzten, eta 1.164 lagunek eman zuten positibo COVID-19 birusaren proban.

Atzo ospitaleratu zitutzen lagunen kopuruak antzeratsu jarraitzen du –ZIUn 75 lagun zeuden atzo, 71 aurreko egunean–. Guztira, 405 pertsona daude hiru lurraldeetako erietxeetan ospitaleratuta.

Nafarroan, berriz, behera egin dute kasuek azken orduetan. 457 pertsona kutsatu dira Osasunbideak emandako datuen arabera, bezperan baino 121 gutxiago. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide