Bertan behera utzi dute gaur gaueko bertso saioa

Andoni Elduaien 2020ko urr. 23a, 16:43

Baztartxo antzokia, egungo egoerara egokituta.

Egoeraren "larritasuna" kontuan hartuta eta jendearen joan-etorria "murrizteko", Eusko Jaurlaritzak egin dituen eskaerak hartu dituzte kontuan antolatzaileek gaur gauerako iragarrita zegoen bertso saioa bertan behera uzteko.

COVID-19a dela eta Eusko Jaurlaritzak atzo iragarritako neurriak kontuan hartuta, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta Floreaga Salestar Ikastetxeak gaur gauerako antolatuta zuten bertso saioa bertan behera uztea erabaki dute. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi ziren aritzekoak 22:00etatik aurrera, Azkoitiko Baztartxo antzokian.

Bertso saioa bertan behera utziko dutela adierazteko, honakoa azaldu dute antolatzaileek: "Neurri murriztaileek kultur ekitaldien debekurik ezarri ez badute ere, egoeraren larritasuna ikusita, eta batez ere, jendearen joan-etorria murrizteko egin den eskakizuna kontuan hartuta, erabakirik zentzuzkoena saioa ez egitea dela iritzi diogu".

Era berean, antolatzaileek azaldu dute pandemiaren eraginez "bigarren aldiz" utzi behar izan dutela bertso saioa bertan behera. "Jakitun gara erabakiek, batez ere bertsolariengan, kalte handia eragiten dutela, eta hemendik gure elkartasuna helarazi nahi genieke. Osasun krisiak gogorren kolpatu duen sektoreetako bat da kulturgintza, eta Maxixatzenek orain arte bezala euskaratik sortutako kulturaren sustapenean jarraituko du lanean", adierazi dute Maxixatzen elkarteko kideek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide