Positibo bakarra atzeman dute herrian

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 15a, 13:56

Azken egunotako daturik onena da gaurkoa, baina, oraindik ere, 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean, 100.000 laguneko hamalau eguneko tasarik altuena du Azkoitiak; 934,19 da tasa hori.

Atzo herrian positibo bakarra detektatu zutela jakinarazi du Osasun Sailak, eguerdiro kaleratzen duen txostenean. Aspaldiko daturik onena da, kontuan izanda azken lau egunetan behintzat egunero hamarretik gora izan direla atzemandako kasuak, eta asken astean, orotara, 66 positibo zenbatu dituztela. Egun bakarrak, baina, ez ditu itxuraldatu datuak, eta, oraindik ere, Azkoitia da 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean zenbaki txarrenetakoak dituena. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 934,19 da, denetan altuena.

Azkoitiko positiboaz gain, beste hemeretzi atzeman zituen Osasun Sailak atzo eskualdean: bederatzi Zumaian, zazpi Azpeitian, bi Zarautzen eta bat Orion.

Egoerak okerrera egin du

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du gora positiboen kopuruak. 10.890 PCR gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta proba horietan 679 lagunek eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %6,2k, alegia. Herenegundik igo egin da ehuneko hori; izan ere, orduan PCRa egin zuten herritarren %5,5ek eman zuten positibo. Positibo kopuru altuena Gipuzkoan atzeman zuten: 303. Bizkaian, berriz, 291 detektatu zituzten, eta 77 Araban.

Atzokoan 35 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan, herenegun baino bi gehiago. Orotara, 273 lagun daude erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; herenegun baino hamar gehiago. ZIUn, berriz, 51 lagun daude; herengun baino bat gehiago.

Nafarroako datuak oraindik ez dituzte eguneratu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide