Baheketa selektiboan parte hartu zuten herritarren %1,14k eman dute positibo

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 13a, 17:54

Asteazken eguerditik larunbat eguerdira bitartean Osakidetzak herrian egindako baheketa selektiboaren emaitzak jakinarazi dituzte: PCR proba egin zuten 3.069 herritarretatik 35ek eman dute positibo, %1,14k hain zuzen.  

Joan den astean Osakidetzak herrian egin zuen baheketa selektiboaren emaitzak gaur jakinarazi ditu Ignacio Garitano Osakidetzako Arakatze Sistemaren koordinatzaileak. Haren esanetan, guztira 3.069 herritarrek egin zuten borondatezko PCR proba, eta horietatik 35ek eman dute positibo, proba egin zuten herritarren %1,14k, hain zuzen.

Asteazken eguerditik larunbat eguerdira bitartean guztira 3.152 azkoitiarrek egin zuten PCR proba Gurea pilotalekuan: horietatik 3.069k, euren borondatez, baheketan parte hartzeko; gainontzekoek, Osakidetzak eskatuta, sintomak zituztelako edo positiboren baten hurbilekoak zirelako. Horregatik, borondatez joandako herritarren emaitzak bakarrik hartu dituzte kontuan baheketaren emaitzak ematerakoan.

Baheketaren inguruan balioespen "positiboa" egin du Garitanok, aukera eman dielako kasu berriak atzemateko eta isolatzeko, eta baita haiekin kontaktu estua izan duten herritarrei jarraipena egiteko ere. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, bere aldetik, zuhur agertu da datuen berri izan ostean. "Ezin gara erlaxatu. Birusaren intzidentzia gure artean esanguratsua da, eta pandemiaren aurkako borroka irabazi eta kontrolpean izateko ahalegin guztiak egin behar ditugu". Aitortu du azken egunetako goranzko joera orokorra ikusita, datu okerragoen beldur zela. Herrian baheketa selektiboa egin izanak birusaren hedapena geratzen lagunduko duela uste du, "eta ez da gutxi". Zubizarretaren hitzetan, "adituei dagokie emaitzen irakurketa egitea eta guri lanean jarraitzea baheketak ahalbidetu dizkigun datuekin konformatu gabe". Biek ala biek eskar eman diezkiete baheketan parte hartu duten herritarrei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide