Astelehenean ez dute mendi ganadu feriarik egingo Elosun

Andoni Elduaien 2020ko urr. 7a, 11:00
Iaz egin zuten mendi ganadu feria azkenekoz, Elosun.

Azoka egunaren antolatzaileek azaldu dute hartu duten erabakia zaila izan dela, eta bide batez lehen sektorearen "zaintza" aldarrikatu dute, etorkizunean "giltzarri" izan beharko lukeela adierazita.

Urriaren 12a egun seinalatua izan ohi da elosuarrentzat, baita azkoitiar askorentzat ere. Egun horretan mendi ganadu feria egin ohi dute auzoan, baina aurten ez egiteko erabakia hartu du Elur Txiki Jai Batzordeak. Elosuko XLII. Ganadu Feria litzatekeena ez dute egingo, beraz. Baserritarren ganaduak beren etxeko zelaietan geldituko dira, artisauak ere ez dira joango, eta noski, feria aurrera eramateko egun guztian zehar lan egiten duten boluntarioak ere faltako dira. 

Hainbat ekintza egin ohi dituzte egun osoan zehar, eta haurrentzako puzgarriek, bertsolariek eta trikitilariek alaitu ohi dute eguna, besteak beste. Ez da festarako betarik falta izaten, baina beste leku guztietan bezala "egoerak hala behartuta", bertan behera utzi dute aurten. "Egungo protokolo eta bideorri zorrotzek ez digute beste aukerarik eman. Izan ere, feria egin ahal izateko lanera hurbiltzen diren auzotar gehienak orain arrisku talde horretan kokatzen dira, eta arduraz jokatzea dagokigu badaezpada ere", adierazi du Iñigo Zubeldia Elosuko auzo alkateak. 

Feria hainbat urtean antolatu dute jarraian –iaz azkena–, eta Zubeldiak azaldu du ez dela erabaki "erraza" izan. "Behin eteten den sokari segida bilatzea zeinen zaila izango den ohartuta gaude, eta horren jakitun, are eta gogorragoa egin zaigu erabaki hau hartzea", azpimarratu du. 

Elur Jai Txiki Jai Batzodearen izenean Zubeldiak esan du feria eguna "aldarrikapen eguna" izaten dela beraientzat. "Astinduta aurkitzen den lehen sektoreari eskainitako festa egun bat baino gehiago, aldarrikapen egun bat izan ohi da feria eguna. Elosun gure aiton-amonen mundu zaharkitu hura zabaltzen zaie kaletik etorri eta ezagutu ez duten askori", erantsi du auzo alkateak.

Zubeldiak azaldu du baserria, baserritarrak eta landa eremuak ez direla "baloratuak" izaten urteko egun askotan, eta gaineratu du Elosuko azoka egunak balio izan duela horiek duten "garrantziaren aitortzarako" eta kaleko udaletan "entzunak eta halabeharrez kontuan hartuak" izateko. Era berean, azoka egingo ez duten urte honetan aldarrikapen mezu bat zabaldu nahi izan dute batzordeko kideek: "Lehen sektorearen zaintzak, datorrenari usain hartuta, giltzarri izan beharko luke etorkizuneko herri ekimenetan". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide