Goizean goizetik jende ugari dabil Elosuko Ferian

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 12a, 12:50

Eguraldia lagun, goizean goizetik jende ugari dabil gaur, larunbata, Elosuko Ferian. Ganadu erakusketaz gainera, hainbat produkturen postuak jarri dituzte Elosuan eta jan-edanerako ere aukera aparta dago.

Gaur, urriak 12, 09:00etan hasi da Elosuko XLI. Ganadu Feria. Eguraldi epela lagun, goizetik jende ugari dabil Elosuan. Auzoko plazan eta ondoko belardian era askotako produktuak saltzeko postuak jarri dituzte, urteroko legez: bitxiak, gazta, hestebeteak, arropa, oinetakoak, aterkiak, ogia, perretxikoak, ukenduak... Horrez gainera, jan-edanerako aukera bikaina dago, hala nola, txahal errearen pintxoak eta taloak, besteak beste.

Goizean, haurrentzako puzgarriak ere jarri dituzte frontoiaren ondoko haur parkean. Eguerdira arteko giroa bertsolariek eta trikitilariek girotu dute.

Azkoitiko Udalak autobus zerbitzua jarri du Elosuko feriara joateko, eta autobusa joan-etorrian 20:30era bitartean ibiliko da. Autobusak Azkoitian Eroski txikiaren aurreko geralekutik aterako dira, Julio Urkixo kaletik alegia, eta leku berera itzuliko dira Elosutik. Doakoa da zerbitzua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide