Bi kasu positibo gehiago hauteman ditu Osasun Sailak herrian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 6a, 14:02

Urriko lehen bost egunetan hamazazpi kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian. 10.000 biztanletik gorako herrien artean Azkoitiak du bigarren tasarik altuena.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo egindako PCR probetan Azkoitian bi kasu positibo berri zenbatu ditu. Lehen kasua herrian agertu zenez geroztik 211 lagunek eman dute positibo herrian, eta horietatik hamazazpi urriko lehen bost egunetan hautemandako kasuak dira. Gipuzkoan, ostera, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik altuena duen herria Azpeitia da, 292,26ko tasarekin. Haren atzetik dago Azkoitia, izan ere, 34 kasu zenbatu dituzte azken astebetean herrian, eta 259,83 da tasa. 

Eskualdean, bestalde, beste hamar kasu baieztatu dituzte. Horietatik sei Azpeitian zenbatu ditu Osasun Sailak, eta lau Zarautzen. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu. Gainera, badira azken zazpi eguentan positiborik atzeman ez duten herri batzuk, hala nola Aizarnazabal, Aia, Beizama eta Getaria.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino kasu positibo gehiago zenbatu zituen atzo Osakidetzak, baina gauzatutako PCR proben kopurua ere altuagoa izan zen. Hain zuzen ere, atzo 7.424 proba gauzatu zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, herenegun baino 2.058 gehiago. Proba horietan 336 positibo atzeman zituzten atzo –272 herenegun–. Araban 52 positibo, Bizkaian 168 eta Gipuzkoan 112 zenbatu zituen atzo Osakidetzak. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunek ere eman zuten positibo. Proba egin eta positibo eman dutenen ehunekoak herenegungoaren parekoa izaten jarraitzen du: %4,5. 

Atzo 33 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur egun, 240 lagun –herengun baino bost gutxiago– daude hiru lurralde horietako erietxeetan, "koronabirusa tarteko". Horietatik 56 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) –herenegun baino hiru gutxiago–. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,95 da.

Nafarroan, bestalde, 272 kasu positibo zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak atzo egindako 2.089 PCR probetan; %13ak eman zuen positibo, beraz. Guztira 233 pertsona daude Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUn. Atzo, astelehena, hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten, horietatik inor ez ZIUn. Horrez gain, "birusarekin zerikusia" duten sei heriotza berri ere jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide