Asteburuan hasiko dute denboraldia ISBko gizonen eta emakumeen lehen taldeek

Julene Frantzesena 2020ko urr. 6a, 13:04

Juaristi ISBk Zamoraren aurka neurtuko ditu indarrak igandean, Azpeitiko kiroldegian. Partidara joateko sarrerak egunotan eskuratu ahal izango dituzte bazkideek eta klubeko kideek. Emakumeek, berriz, larunbatean Lanzaroten ekingo diote denboraldi berriari.

Iraurgi Saskibaloi Taldeko gizonen eta emakumeen lehen taldeek asteburuan hasiko dute 2020-2021 denboraldia. Aurreko denboraldian aritu ziren liga beretan ariko dira bi taldeak: Zilarrezko LEB Ligan gizonak, eta Espainiako Bigarren Mailan emakumeak. Dena den, COVID-19aren pandemiak baldintzatuta ekingo diote denboraldiari; ikusle kopuru mugatuarekin jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak.

Denboraldi-aurrea osatuta eta Euskal Kopa poltsikoratuta ekingo dio ligari Juaristi ISBk. Hain zuzen ere, etxean jokatuko du lehen neurketa. Igandean izango da Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasita, eta Iñaki Jimenezen mutilek Zamora taldea izango dute aurrez aurre. Gainera, partida horretan hamahiru urtez taldeko prestatzaile fisikoa izan den Xabier Aranburu omenduko dute.

COVID-19aren hedapena saihesteko asmoz, partidarako sarrera mugatua izango da: bazkideek eta klubeko kideek sarrera eskuratzeko aukera izango dute gaur, bihar eta etzi, 19:00etatik 20:00etara, kiroldegiko txarteldegian. Bazkide ez direnek, berriz, igandean bertan hartu ahal izango dituzte sarrerak. Sarrera eskuratzen duten herritarrek datu pertsonalak utzi beharko dituztela jakinarazi du ISBk.

Azkoitia-Azpeitia ISBko neskek, berriz, joan zen asteburuan ekin behar zioten sasoi berriari, baina koronabirusa atzemateko probekin izandako arazo bat tarteko, bertan behera utzi zituzten lehen jardunaldiko partida guztiak. Horrenbestez, zapatuan hasiko dute Espainiako Bigarren Mailako jarduna. Mailaz igo berri den Magec Tias Contra la Violencia de Genero taldea izango du aurrez aurre ISBk, eta Lanzaroten jokatuko du partida.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide