LEB mailako Euskal Kopa irabazi du Juaristi ISBk

Andoni Elduaien 2020ko ira. 27a, 09:14
Guridi kapitainak jaso zuen Euskal Kopa. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Pino zenaren omenez, hainbat oroigarri jaso zituen familiak partidaren hasieran. Klubeko maskotak ere izen berria izango du aurrerantzean: Pino.

Iraurgi Saski Baloia taldeak Euskal Kopako partidak jokatu zituen atzo, larunbata. Juaristi ISBk Azpeitiko kiroldegian jokatu zuen finala Zornotza taldearen aurka eta irabazi egin zuen. Azkoitia-Azpeitia ISBk, ordea, ez zuen finalerdia irabazterik lortu.

Azpeitian mutilen partida hasi aurretik, uztailean hil zen Pino klubeko ordezkari ohiari omenaldia egin zioten. Pinoren familiak Iraurgik, Euskadiko Saskibaloi Federazioak eta Azpeitiko Udalak emandako oroigarriak jaso zituzten. Leire Ostolazak, berriz, bertsoa eskaini zion. Iker Salazar klubeko jokalari ohiak ere omenaldia jaso zuen Iraurgiren partetik. Pinoren etxekoek ere koadro bat entregatu zioten Jose Luis Zubizarreta Xubi-ri.

Mutilen neurketa estu-estua izan zen. Lehen bi laurdenen ondoren Juaristi ISB 34 eta 31 aurretik iritsi zen atsedenaldira. Hirugarren laurdenaren amaieran, ordea, abantaila polita hartu zuen etxeko taldeak. Azken zatian, ordea, Zornotzak aurrea hartzea ere lortu zuen. Neurketa amaitzeko bozinak jo zuenean, ordea, markagailuan 62na puntu zituen talde bakoitzak eta luzapena jokatu behar izan zuten.

Lehen luzapen horretan ere bi taldeetako inork ez zuen abantailarik hartu, eta 72na amaitu zen neurketa. Bigarren luzapena jokatu behar izan zuten Juaristi ISBk eta Zornotzak kopa nori eman erabakitzeko, eta amaitzeko segundo gutxiren faltan Pavel Savkov Juaristi ISBko jokalariak egindako hiruko bati esker 81 eta 79 irabazi zuen ISBk. Joan den urtean bezala, Juaristi ISBk altxatu zuen garaikurra.

Azkoitia-Azpeitia ISBk, ezin

Azkoitia-Azpeitia ISBk, bestalde, ez zuen finalerako sailkapenik lortu, Oses Construcciones Ardoi talde nafarraren aurka Barakaldon (Bizkaia); 54 eta 68 galdu baitzuten neskek. Atsedenaldira 23 eta 30 atzetik iritsi ziren Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko neskak, nafarrek huts eta hamarreko partziala eginda; ordutik aurrera ISBko neskek ez zuten lortu neurketa estutzerik, eta nafarrek eman zuten finalerako urratsa. Gaur, igandea, 16:30ean jokatuko du hirugarren edo laugarren postua erabakiko duen partida Azkoitia-Azpeitia ISBk Barakaldon, HGB Ausarta Barakaldo taldearen aurka. Finala, berriz, Ardoi eta GDKO Ibaizabal taldeek jokatuko dute, 19:00etan. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide