Autismoa ikastetxeetan lantzeko material didaktikoa euskaratu du udalak

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 6a, 11:46

Teavialeko ordezkariak, udalekoak, Marea Urdinakoak eta Gautenakoak, piktogramak dituen zebra-bideetako baten aurrean. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko zebra-bideetan jarri dituzten piktogramen egileena da material hori ere, Andaluziako Teavial elkartearena, eta "aurki" ikastetxeei aurkezteko asmoa du udalak, haiek ikasleekin landu dezaten. Teavialeko ordezkariak Azkoitian izan dira egunotan eta udalak "inklusioaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi du haiekin elkartu ondoren.

Marea Urdina elkartearen proposamenari helduta, oinezkoen pasabideetan piktogramak margotzen hasi zen Azkoitiko Udala joan den udaberrian, autismoa duten pertsonen autonomia sustatzeko. Konfinamenduaren bezperetan aurkeztu eta ekin zion lan horri udalak; harrez gero, erdiguneko zebra-bideetan margotzen joan dira piktogramak. Hain zuzen ere, Azkoitia izan da autismoa duten pertsonentzako lagungarriak diren ikur horiek zebra-bideetan margotu dituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen udalerria.

Martxoko aurkezpenean azaldu zuten bezala, Andaluziako Teavial elkartearen materiala erabili eta euskaratu du udalak Azkoitiko oinezkoen pasabideetan piktrogramak jartzeko, elkarte horrekin hitzarmena eginda; Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten pertsonen autonomia eta bideko segurtasuna hobetzeko egiten du lan Teavialek.

Piktogramak ez ezik, ikastetxeetan lantzeko materiala ere sortua du Teavialek; gida didaktiko bat eta ipuin bat, hain zuzen. Material hori euskaratzeko eta Azkoitiko ikastetxeen esku uzteko asmoa aurreratu zuen udalak martxoan, piktogramen proiektuaren berri ematerakoan. Orain, autismoaren gaia ikasleekin lantzeko material didaktikoa dagoeneko euskaratu duela jakinarazi du, eta ikastetxeei "aurki" aurkeztuko dietela esan du Ana Azkoitia zinegotziak.

Teavialekoak, Azkoitian

Teavialeko sortzaileak, Susana Fernandez Garcia presidenteordea eta Eduardo Barrero, Azkoitian izan dira egunotan, beraiek sortutako eta udalak euskaratutako piktogramak ikusteko. Bisita horren karietara eman du udalak proiektuaren bigarren zatiaren gauzatzearen berri. Javier Zubizarreta alkatea, Azkoitia zinegotzia, eta Marea Urdinako eta Gautenako ordezkariekin batzartu ziren Teavialekoak udaletxean, eta euskaratutako gidaren eta ipuinaren ale bana jaso zuten bertan, "hunkituta".

Behin betiko piktogramak egitea "lan erraza ez" zela izan adierazi du Barrerok Azkoitira egindako bisitan. "1.800 ikasle inguru elkarrizketatu zituzten zebra-bideetan proba errealak egin ostean. Egindako ibilbidea eta gero, Argentinatik ere eskatu dizkiete piktogramak", azaldu du udalak. Teavialekoekin elkartu ondoren, "inklusioaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi du Azkoitiko Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide