Oinezkoen pasabideetan piktogramak margotu dituzte, autismoa duten pertsonen autonomia sustatzeko

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 11a, 11:13

Piktogramak jarri dituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen udalerria da Azkoitia, eta aldi berean, euskaraz margotu dituen aurrena ere bai.

Azkoitiko oinezkoen pasabideetan piktogramak margotzen hasi dira gaur, asteazkena. Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten pertsonek erabiltzen duten komunikazio sistema da piktogramena. Izan ere, AEN pairatzen duten pertsonei banda zuri-beltzek ez diete segurtasunik ematen, bidea gurutzatzerakoan ez dutelako mezua ulertzerik lortzen. Hain zuzen ere, piktogramei esker ulertzen dute mezua; ahozko edo idatzizko kanalak baliogarriak ez direnean, irudiak erabiltzen dira ingurua ulertzeko. Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia alkateordeak, Nekane Zalbide, Louise Florindo, Julen Esteban eta Imma Urteaga Marea Urdinako ordezkariak eta Jimmy Brosa Gautenako ordezkariak elkartu dira gaur Elkargune alboko zebrabidean, agerraldia egiteko, eta horiek esan dutenez, Azkoitia da pasabideetan piktogramak jarri dituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen udalerria, eta aldi berean, euskaraz margotu dituen aurrena ere bai. 

Nekane Zalbide Marea Urdinako kideak azaldu duenez, piktogramen azalpenak "oso garrantzitsua" dira ezgaitasunak dituzten pertsonentzat. "Autismoa duten pertsonek, adibidez, ez dituzte errealitateko zeinuak behar bezala identifikatzen. Kalean doazenean eta ezaguna den piktograma bat ikusten dutenean, badakite piktogramek zerbait esan nahi dietela", azaldu du. Zalbideren arabera, "identifikatu" egiten dute piktograma eta hori "alerta" moduko zerbait da beraientzat. "Horrelako neurriekin  erabat lantzen da beren autonomia. Neurri oso integratzailea da", adierazi du Marea Urdinako kideak. Imma Urteagak nabarmendu du Azkoitiko herrigunean ez dagoela semafororik, eta zebrabideek "garrantzia handia" dutela. Orain, piktogramen bidez, "gelditu", "begiratu", "autoa dator" eta "gurutzatu" hitzak irakur daitezke Elkargune alboko zebrabidean.

Ana Azkoitiak egitasmoa nola garatu duten azaldu du. Hark jakinarazi duenez, Marea Urdinak 2019. urtearen amaieran aurkeztu zuen piktogramen inguruko txostena udaletxean, piktogramak udal eraikinetan-eta jartzeko eskatuz. "Txosten horretan zebrabideen inguruko informazioa ere bazegoen; hain zuzen ere, zebrabideetan ezarri ditugun marrazki berak gaztelaniaz agertzen ziren. Hori horrela izanik, eraikinetan zentratu zen udala", adierazi du Azkoitiak. Otsailaren 13an, ordea, Marea Urdinako kide batek Whatsapp mezu bat bidali ziola esan du. "Santoñako [Kantabria, Espainia] albiste bati buruzkoa zen mezua. Herri horretan piktogramak marraztu zituztela irakur zitekeen albiste hartan", gehitu du. Alkateordeak esan duenez, piktogramak euskaraz egitearen inguruko mezu batekin erantzun zion Marea Urdinako kide hari.

Prozesu "azkarra"

Whatsapp mezuari jarraituz, Azkoitiko Udala Santoñako Udalaren webgunean sartu zen, eta proiektuaren azalpenetan Andaluziako Teavial izeneko elkartea agertzen zela ikusi zuten –Piktogramen seinaleztapena erregistratuta duen irabazi asmorik gabeko erakundea da Teavial–. "Webgunea aurkitu eta mezu bat idatzi genien elkarte horretako kideei, Azkoitiko Udalak piktogramekiko interesa zuela agertuz. Euskarazko piktogramak bazituztela erantzun ziguten Teavialeko kideek", azaldu du alkateordeak. Hori jakinda, prozesua martxan jarri zuen udalak, eta Teavial enpresak piktogramen laginak bidali zituen Azkoitira. Euskara zuzenketak egin ondoren, hitzarmena sinatu zuen udalak enpresarekin.

Piktogramen ereduekin batera, gida didaktiko bat eta ipuin bat bidali zituen Teavialek udalera. "Helburua ikastetxeetan piktogramen gaia lantzea da. Gida eta ipuina gaztelaniaz daude, baina Azkoitiko Udala horiek euskaratzeko lanean ari da, gero ikastetxeetan zabaltzeko. Azkoitiko Udalaren ekarpena da Teavial elkartearentzat; izan ere, Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako gainerako herrietan proiektua aurrera eramatea espero dugu", azaldu du Azkoitiak. Gaur hasi dituzte herriko zenbait lekutako zebrabideen ondoan piktogramak margotzeko lanak, eta pixkanaka, erdiguneko zebrabide guztietan margotuko dituzte. "Oso erraz joan da guztia, eta dagoeneko margotzen ari gara. Zorionez, herriak beste pauso bat eman du irisgarritasun unibertsala lortzeko. Azkoitiko Udalaren asmoa da ekimena herriaren erdigunean hasi eta poliki-poliki gainerako eremuetara zabaltzea", adierazi du. 

Jimmy Grosa Gautena elkarteko ordezkaria ere Azkoitian izan da gaur, eta hark azpimarratu du elkartearentzat "oso garrantzitsua" dela martxan jarri duten egitasmoa Gipuzkoako gainerako herrietara eta Euskal Herri osora zabaltzea. "Gure helburua da ekimena Azkoititik Gipuzkoa osora zabaltzea, autismoa eta ezgaitasunak dituzten pertsonentzat", adierazi du hark.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide