Anaitasunako mutilek Errege Kopan aritzeko sailkapen fasea jokatuko dute

Andoni Elduaien 2020ko ira. 22a, 16:40

Anaitasunak Arabako Urgatzi eta Bizkaiko Aurrera Ondarroa taldeekin neurtuko ditu indarrak sailkapen fasean. 

Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen talde nagusia Espainiako Hirugarren Mailan arituko da aurten, baina hori ez da aurtengo denboraldiak klubari ireki dion aukera bakarra. Izan ere, Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka Errege Kopako kanporaketa jokatu dezake Txeroian aurrez bi sailkapen fase gainditzen baditu. Espainiako Futbol Federazioak iaz hasi zuen formatu berria eta aurten ere errepikatu egingo du. Hori horrela, Hirugarren Mailara igoera lortu duten talde guztiek Errege Kopako sailkapen fasea jokatuko dute.

Egoera horretan aurkitzen da Anaitasuna futbol taldea, izan ere, maiatzean igo zen gizonezkoen taldea Gipuzkoako Ohorezko Mailatik Espainiako Hirugarren Mailara. Euskadiko Futbol Federazioak, aldiz, gaur aurkeztu ditu sailkapen fasearen nondik norakoak, eta Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik Hirugarren Mailara igotako hiru taldek Errege Kopako sailkapen fasea jokatuko dutela zehaztu du.

Anaitasunak, Gipuzkoako txapeldun bezala, Arabako Urgatzi eta Bizkaiko Aurrera Ondarroa taldeak izango ditu aurkari. Hiruko txapelketa jokatuko dute hiru taldeek urrian zehar. Azkoitiarrek urriaren 3an jokatuko dute sailkapen faseko lehen partida; Urgatzi taldea izango du arerio, Txerloian. Urriaren 11n, berriz, Aurrera Ondarroaren aurka jokatu beharko dute gorrixek, Ondarroan. Urgatzik eta Aurrera Ondarroak, aldiz, urriaren 7an jokatuko dute elkarren aurkakoa, Gasteizen.

Anaitasuna futbol taldeak arabarren eta bizkaitarren aurkako hiruko txapelketa irabazten badu, lehen sailkapen fasea gainditu duen beste talde baten kontra jokatuko du kanporaketa, partida bakarrera. Partida hori ere Anaitasunak aurrera aterako balu, Espainiako Kopako zozketan sartuko litzateke futbol taldea. Zozketa horretan, nahitaez, Europako txapelketarik jokatzen ez duen Espainiako Lehen Mailako talde bat izango luke aurkari Anaitasunak. Gainera, partida bakarrera jokatuko litzateke kanporaketa, Txerloian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide