Espainiako Hirugarren Mailara itzuli da Anaitasuna futbol taldea

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 9a, 12:25
2017an lortutako igoera ospakizuna.

Gipuzkoako Futbol Federazioak amaitutzat eman du Gipuzkoako Ohorezko Maila, eta bi urteren buruan 'gorrixek' Espainiako Hirugarren Mailara itzuliko dira.

Anaitasuna futbol klubeko gizonezkoen lehen taldea Espainiako Hirugarren Mailako taldea da berriz ere. Atzo, ostirala, arratsaldean eman zion Gipuzkoako Futbol Federazioak igoeraren berri Anaitasunari, eta ondorioz, gorrixek Espainiako Hirugarren Mailara itzuliko dira bi urteren ostean. Pozarren hartu dute berria Txerloiako klubean. Denboraldi estua zihoan Gipuzkoako Ohorezko Mailan, C.D. Anaitasuna, S.D. Eibar B eta C.D. Hernani taldeak puntu baten bueltan borroka betean sartuta baitzeuden sailkapenaren goiko aldean.

Gipuzkoako Ohorezko Maila behin behinean bertan behera gelditu zenean, azkoitiarrak lehenak ziren sailkapenean. Ziurgabetasun handiko egunak izan dira klubean, izan ere, Eibar B taldearen aurka Eibarren jokatu beharreko partida bertan behera gelditu zen Zaldibako zabortegiko ezbeharraren ondorioz. Galdera asko zeuden airean, partida hori jokatu beharko zuten edo ez baitzuen inork argitzen. Gipuzkoako Futbol Federazioak, ordea, denboraldia amaitutzat ematen duela jakinarazi zion klubari. Anaitasuna da Gipuzkoako Ohorezko Mailako txapeldun berria.

Aurtengo ibilbidea

Sailkapeneko onenen artean egoteko asmoz ekin zion 2019-2020 denboraldiari Azkoitiko futbol taldeak, eta Eibar B eta Hernani taldeekin lehia estua izan du. Azkoitiarrek eta eibartarrek 52na puntu zituzten sailkapenean, eta bat gutxiago — 51 puntu— hernaniarrek. Anaitasunak Eibar B taldeak baino zenbaki hobeak zituen aldeko zein kontrako golei dagokionean. Gainera, txapelketako lehen itzulian gorrixek 2-0 menderatu zituzten armaginak Txerloia futbol zelaian. Horregatik guztiagatik, nahiz eta puntuz berdinduta egon, azkoitiarrak aurretik ziren sailkapenean.

Gogor hasi zuen denboraldia Xabier Artetxek zuzentzen duen taldeak. Lehen bederatzi jardunaldietatik zortzi irabazi zituzten azkoitiarrek. Azaroko azken bi jardunaldietan eta abenduko bi lehenetan, halere, garaipenik eskuratu gabe egon zen taldea, eta lidertza galdu zuen. Ondoren suspertu ziren berriz gorrixek.

Askok, gainera, gogoan izango dute martxoko bigarren asteburua. Izan ere, martxoaren 7an eta 8an jokatu zen Gipuzkoako Ohorezko Mailako 25. jardunaldia, gaur arte jokatu den azkena. Anaitasunak 2-1 menderatu zuen Bergara taldea Txerloian, eta ordura arteko liderrak, Eibar B taldeak, 3-2 galdu zuen Mutriku taldearen aurka Mutrikun. Jardunaldi horretan bertan berreskuratu zuten gorrixek sailkapeneko lidertza. Garaipen hark igoera eman die azkoitiarrei, urruti gelditu bada ere. Asier Ugarte oñatiarra eta Markel Eskurtza kapitaina izan ziren golegileak.

Espainiako eta Gipuzkoako Futbol Federazioek, ordea, amaitutzat eman dute Gipuzkoako Ohorezko Maila, eta lehen sailkatua Espainiako Hirugarren Mailara igoko da: Anaitasuna. Jaitsierarik, berriz, ez da izango maila horretan. Datorren urtean 22 taldez osatutako Espainiako Hirugarren Mailan jokatuko dute Anaitasunako jokalariek.

Azkenekoz, 2017an

Igor Quindos entrenatzailearen eskutik 2017an igo zen azkenekoz Anaitasuna futbol taldea Espainiako Hirugarren Mailara. Kolore gorriz jantzi zuten ordukoan Azkoitia Anaitasunako zaleek. 2017-2018 denboraldia egin zuten gorrixek maila horretan, baina denboraldi hartan bertan galdu zuen maila. 2018-2019 denboraldia Gipuzkoako Ohorezko Mailan egin zuen, goiko postuetan, eta azken jardunaldira arte iritsi zen Espainiako Hirugarren Mailara itzultzeko aukerekin. Eibar B taldearen aurka 3-0 galdu zuen taldeak, eta ondorioz ez zuen lortu mailaz igotzerik lortu. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide