Iñigo Aranbarri, Donostiako Zinemaldian

Nerea Uranga 2020ko ira. 20a, 11:32
Iñigo Aranbarri atzo, larunbata, Zinemaldian. (Argazkia: Jorge Fuembuena)

Aktore azkoitiarrak parte hartu duen bi film aurkeztu dituzte asteburuan Donostiako 68. Zinemaldian. Batetik, Lara Izagirre zinemagilearen 'Nora'; bestetik, Aitor Gabilondok zuzendutako 'Patria'. Azken horren aurkezpen ekitaldian izan da Aranbarri.

Estreinaldiz eta aurkezpenez betetako asteburua izan da hau Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrarentzat. Antzerkiko lan berria aurkeztu zuen joan den ostiralean, irailaren 18an, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian: Fadoak entzuten zituen gizona obra. Aurrerantzean, herririk herri ibiliko dira lan hori eskaintzen, hurrengo urteko urtarrilera arte hainbat herritan programatuta dute antzezlan hori; esaterako, urriaren 2an Zarautzen, azaroaren 1ean Azpeitian eta azaroaren 13an Zumaian.

Antzezlan horrez gainera, Aranbarrik parte hartu duen zinemako bi lan aurkeztu dituzte asteburu honetan Donostiako 68. Zinemaldian: Nora eta Patria.

Nora filma ostiralean aurkeztu zuten Zinemaldiko Zinemira sailean. Lara Izagirre zinemagileak zuzendu du euskarazko film luzea. Aranbarrirekin batera, aktore taldea honakoek osatu dute: Ane Pikaza, Hector Alterio, Ramon Barea, Itziar Ituño, Klara Badiola, Loli Astoreka eta Kepa Errasti.

Atzo, larunbata, aurkeztu zuten Patria filma Donostiako zine jaialdiaren Sail Ofizialean. Aurkezpen ekitaldian Iñigo Aranbarrik ere parte hartu zuen, Aitor Gabilondo filmaren zuzendariarekin eta filmeko aktore taldearekin batera. Patrian parte hartu duten gainontzeko aktoreak dira, besteak beste, Susana Abaitua, Elena Irureta, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Loreto Mauleon, Jon Olivares, Eneko Sagardoy eta Jose Ramon Soroiz.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide