AKTOREA

Iñigo Aranbarri: "Umore ukitu dezentea du obrak, emozioak tarteko"

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 23a, 08:00
Iñigo Aranbarri, 'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlanean.

Irailean estreinatuko den 'Fadoak entzuten zituen gizona' obrako protagonistetako bat da Iñigo Aranbarri (Azkoitia, 1983). Bi gizonen arteko kamioi bidaia bat du oinarrian antzezlanak, eta bertako gidaria izango da Aranbarri.

'Fadoak entzuten zituen gizona' lanarekin buru-belarri zabiltza. Zertan oinarritutako lana da? 

Istorioak bi gizonen arteko kamioi bidaia bat du oinarrian. Bata kamioilaria da eta bestea, autostopean doana. Bidean gertatuko zaizkienek markatuko dute bietako bakoitzaren barne bidaia. Hirugarren pertsonaiak bi horien eta publikoaren arteko zubi lana egingo du, bi pertsonaien bidaiak aurrera egin dezan beharrezko elementu zein pertsonaiak sortuz eta probokazio bidez bi gizonak astinduz.

Zein izango da Iñigo Aranbarriren rola?

Mario Esteves kamioi gidariaren azalean jartzea. Gizon berezia da. Gurasoak portugaldarrak izanik, berak ere badu kultura harekiko haurtzaroko oroiminik. Bere bizitza bakarti xamar planteatu duenetarikoa da. Besteekiko lotura sendorik egiteko ohiturarik ez du. Izan ere, bere lanak ere errepideari lotuta mantentzen du, eta, batetik bestera sustrai sakonik gabe, bere identitatea da duen erro bakarra. Nortasun sendoko gizona da. Gizona diot behin eta berriz, gizontasunari lotu izan zaizkion ezaugarrien arabera eraiki duelako Estevesek ere beste askok bezala bere izatea.

Egiazko istorio bat al du oinarrian?

Ez. Fikzioa da. Txarli Andrade idazle portugaldarrak idatzia. Porton (Portugal) jaio izanagatik, Euskal Herrira etorri zen, eta Pasai Donibanen bizi da egun. Euskara ikasteko egindako ahaleginak balio izan dio testu hau euskaraz idazteko. Berea da antzezlanak oinarri duen gidoia.

Non ari zarete egiten entseguak?

Konfinamendu ostean hasi ginen Tolosako Topic (Tolosa Puppet International Center) gunean entseguekin. Bi astez aritu ginen lehen kolpeak ematen. Momentuz, Miarritzeko “Théâtre des Chimères” konpainiak duen aretoan hamar egunez egin berri duguna izan da azken egonaldia. Irailera bitarte atsedena dugu orain, orain arteko lana pausatzeko eta barneratzeko ederki etorriko zaiguna. Irailaren 1etik 18ra Topic-en bi aste eta erdiko azken entseguen ondoren, 18an Tolosako Leidor aretoan eskainiko dugu jendaurreko lehen emanaldia, estreinaldia alegia.

Guztira hiru aktorek antzeztuko duzue lana. Nolako taldea osatzen duzue?

Egia esan talde txikia da gurea: Getari Etxegarai zuzendari, Xabi Ormazabal zuzendari laguntzaile eta hiru aktore taula gainean, Ane Gabarain, Kepa Errasti eta neu. Errazagoa da egia esan talde txikian lan egitea. Prozesuan zehar denon proposamenak probatuz egin dugu lan, eta talde handiagoetan hori ezinezkoa da. Txarli Andrade gidoilaria ere gurekin izan da entsegu pare batean. Eskertzekoa da idatzi duenaren gainean edozein aldaketa egiteko eskaini digun askatasun osoa. Bidean erabaki dezente hartu behar izaten dira, batez ere, istorioa kontatzeko moduaz: testua moldatu, kontatu nahi dena zehaztu eta ulermena erraztu, baina publikoak duen historia osatzeko gaitasuna gutxietsi gabe. Egia esan, oso erraz moldatu gara orain artean. Lan intentsoa izaten ari da, baina talde polita osatu dugu.

Gustura al zabiltza lan honetan?

Oso. Dagoeneko prozesuaren erdia egina dugu. Konturatzerako joan zait ia. Aurrez ere, lantaldeko gehienekin lan egina nintzen, eta testua jaso nuenean oso gustura irakurri nuen. Udaz gozatu eta azken txanpan sartzeko deseatzen nago. Gero etorriko da onena, emanaldiak eginez, herri-herriko emozio dantza.

Antzerkiak zer harrera izatea espero duzue?

Beroa; hori da esperantza. Umore ukitu dezentea du obrak, emozioak tarteko. Beraz, jendea irabazi, gurekin edukitzea lortu eta guk nahi dugun zirrikituetaraino eramatea da asmoa. Gero bakoitzak bere bidaia biziko du, eta bere modura jaso esperientzia. Baina askori ezagunak egingo zaizkio hainbat egoera, jarrera, kontu eta akaso baita identifikatuta sentitu ere; modu horretan errazagoa da jendea harrapatu eta zurekin eramatea.

Antzerkia aurkezteko oholtzarik lotuta al duzue?

Dagoeneko dezente ditugu lotuta, Hego Euskal Herrian denak. Zirkuitu Kontzertatuan aukeratua izan zenez, horrek bermatzen ditu hogei-bat emanaldi. Egoera berezi honetan ez dakigu edukiera kontuek zenbateraino mugatuko duten gure jarduna, baina, momentuz, ez zaigu aurrez lotutako emanaldi datarik erori. Hemen inguruan Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izango da ikusteko aukera Santu Guztien Egunean, azaroaren 1ean. Ipar Euskal Herrian berriz, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) lagundu du Miarritzen egindako egonaldia, eta bertako kiderik ere izan da egonaldi bukaeran burutu genuen entsegu irekia ikusten. Ea inguru haietara iristeko aukerarik dugun, ederra litzateke.

Antzerkian baduzu eskarmentu nahikoa; formatu horretan sentitzen al zara erosoen?

Beti esan izan dut, akaso bihar beste zerbait pentsatuko dudan arren, ez dudala beharrik sentitzen formatu bat besteen gainetik jarri eta erosoen sentitzen naizen kodea aukeratzeko. Edozein koderen bidez istorio bat kontatzea da erronka ederra. Pertsonaia desberdin bat gorpuztea bakoitzean, izen desberdin bat janztea eta berak sentituko lukeena, bere moduaren bila ibiliz deskubritzen saiatzea, gero eskaintzeko. Hori guztia, izan antzerkia telebista edo zinema, antzekoa da. Eskaintzeko modua eta prozesuari aurre egitekoa da aldatzen dena. Funtsa, antzekoa. Erakargarria zait prozesu hori.

Beste proiekturik ba al duzu eskuartean?

Momentu honetan, ez. Konfinamendu aurretik ari ginen: film labur bat grabatzen harrapatu gintuen kontu honek guztiak. Hura berreskuratzeko asmoa bada irail aldera. Gero, joan den urtean zehar egin genituen ikus-entzunezko lanen aurkezpenez beteta dator udazkena. Hori ere polita da. Egindako lanen emaitzak ikustea eta konpartitzea. Promozio lanek energia dezente eskatuko dute, baina indarrez gatoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide