PCR probetan hamalau kasu positibo hauteman ditu Osakidetzak Azkoitian

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 18a, 14:03

Astebetean 39 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 9.166 PCR proba egin dituzte.

Osakidetzak egindako PCR probetan azken egun eta asteetako positibo kopururik handiena batu zuten atzo Azkoitian: hamalau guztira. Irailaren 11tik, hau da, joan den asteko ostiraletik atzora arte egindako PCR probetan 39 kasu hauteman ditu Osasun Sailak horrela herrian. Azkoitian, 100.000 biztanleko zazpi eguneko tasa 300dik gorakoa da, Osakidetzak emandako datuen arabera. 

Eskualdean, bestalde, guztira 43 positibo berri zenbatu zituen Osakidetzak. Azkoitiko hamalau kasuez gain, 11 kasu detektatu zituen Osakidetzak Zarautzen, bosna Azpeitian, Orion eta Zestoan, bi Aian, eta bat Zumaian.

Hego Euskal Herriko datuak

Atzo, 9.166 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bezperan baino ia bi mila gutxiago, eta 519 kasu positibo zenbatu zituzten guztira hiru lurraldeetan, 85 Araban, 232 Bizkaian eta 190 Gipuzkoan. Horiez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi lagunek ere positibo eman zuten PCR probetan.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo beste 36 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIUn), berriz, 53 gaixo zeuden atzo, herenegun baino bi gutxiago. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, berriz, 0,89koa da hiru lurraldeen datuak batuta.

Nafarroan, hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 553 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.854 PCR proba egin dituzte eta 274 kasu positibo berri zenbatu dituzte; beraz, egindako probetatik %9,6k eman dute positibo. Azken orduetan 20 lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn ez dute gaixo berririk sartu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide