"Ingelesez abesteak ematen duen anonimotasuna gustatzen zaigu"

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 18a, 09:18
Jose Mari Unanue eta Andrea Pozo.

Jose Mari Unanuek eta Andrea Pozok konfinamendu garaian sortu zuten Ramona’s First Evil Boyfriend taldea, eta aste honetan kaleratu dute zortzi abestiz osatutako lehen lana. Sarean jarri dute entzungai.

Silence taldeko kideak zarete biok, eta orain, bikote gisa, beste proiektu bat jarri duzue martxan: Ramona’s First Evil Boyfriend. Nolatan?

Silence taldea stand by egoeran zegoen eta guk biok aspalditik geneukan elkarrekin proiektu bat abiarazteko gogoa, musika sortzeko garaian oso antzeko estiloa daukagulako. Bikotea ere bagarenez, konfinamendu garaian elkarrekin denbora asko pasatzea egokitu zitzaigun, eta pentsatu genuen momentu egokia izan zitekeela proiektu berri horri heltzeko.

Ramona’s First Evil Boyfriend izena du zuen taldeak, euskaraz esanda, Ramonaren lehen bikotekide ohi gaiztoa. Nondik dator izena? 

Izena iaz bururatu zitzaigun, Scott Pilgrim vs. the World filma ikusten ari ginela. Film horretako protagonistari Ramona izeneko neska bat gustatzen zaio, eta Ramonaren lehendabiziko bikotekide ohi gaiztoaren kontra borrokatu beharra izaten du. Talde batentzako izen egokia iruditu zitzaigun, eta egunen batean talde bat sortzen bagenuen izen hori jarriko geniola esan genuen. Beraz, taldea sortu baino askoz lehenagotik erabakita geneukan izena.

Zer motatako musika egiten duzue? 

Egia esan, geuk ere ez dakigu estilo jakin bat zehazten, eta entzuleek ere talde desberdin askoren eraginak sumatzen dituzte gure abestietan. 

Taldea sortu zenutela sei hilabete ere ez dira, eta dagoeneko kaleratu duzue lehen lana. Nolatan horren azkar? 

Lehiaketa bat izan da lanak horren azkar egitera bultzatu gaituena. Abuztuaren bukaeran jakin genuen Movistarrek bakarlarientzat eta talde hasiberrientzat Rookies lehiaketa antolatu zuela, eta guretzat aukera polita izan zitekeela pentsatuta, hara aurkeztea erabaki genuen. Oso denbora gutxi geneukan, irailaren 13a baitzen maketak aurkezteko azken eguna, eta guk artean ez geneukan ezer. Hori izan zen modu kontziente batean abestiak sortzera bultzatu gintuena.

Nola banatzen dituzue lanak?

Andreak abestien hitzak idatzi eta abestu egiten ditu, eta musikari dagokion partea Jose Marik egiten du. Lehen lan honetako grabaketa eta nahasketa guztiak Jose Marik egin ditu, eta masterizazio lanak egiteko Capsula taldeko abeslari Martin L. Guevararen laguntza izan du.

Zer topatuko dute entzuleek lehen lan honetan?

Kontatu nahi izan dugu konfinamendua nola bizi izan dugun eta gu biontzat berria den etapa hau nola bizitzen ari garen, eta ez bakarrik hitzen bidez, baita soinuaren bidez ere. Adibidez, abesti askotan atzealdeko soinuak entzun egiten dira, lurreko zaratak, arnas hotsak eta horrelakoak, eta nahita utzi ditugu hor. Asko landutako eta zaindutako lan bat baino gehiago, barrutik eta espontaneoki ateratako lan bat kaleratu nahi izan dugu. Oso egun gutxitan eta gure trastelekuan grabatu dugu diskoa, eta uste dugu atmosfera hori diskoan islatzeko gai izan garela.

Abesti guztiak ingelesez egin dituzue. Zergatik?

Idazteko orduan ideiak ingelesez etortzen zaizkigu eta askoz erosoagoa egiten zaigu ingelesez abestea. Hori izan daiteke entzuten ditugun bakarlari eta talde askok ere ingelesera jotzen dutelako. Gainera, iruditzen zaigu ingelesez abesteak musikari misterioa eta anonimotasuna ematen dizkiola, ez dagoelako jakiterik talde hori nongoa den; eta hori gustatu egiten zaigu.

Oraingoz, diskoa Interneten jarri duzue entzungai. Euskarri fisikoren batean kaleratzeko asmorik ba al duzue?

Gaur egun, Interneten eskuragai jartzea da zure lana ahalik eta jende gehienaregana iristeko modurik eraginkorrena. Euskarri fisikoren batean kaleratzea ere gustatuko litzaiguke, agian kasetean, tirada txiki bat, baina ikusiko dugu.

Eta hemendik aurrera zer?

Kontzertuak ematea gustatuko litzaiguke, baina badakigu ez direla horretarako garairik onenak. Ez gabiltza ezeren bila eta zerbait etortzen bada, ongietorria izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide