Bederatzi kasu positibo detektatu ditu Osakidetzak Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 17a, 12:29

Hilaren 10etik 16ra bitartean 32 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian, herrian lehen kasua agertu zenetik gaur arte detektatu dituzten kasuen %28,3.

Osakidetzak bederatzi kasu positibo berri zenbatu ditu Azkoitian, atzo, asteazkena, egindako PCR probetan. Datuak nabarmen egin dute gora azken egunetan herrian, izan ere, irailaren 10etik atzora arte –irailak 16– egindako PCR probetan 32 kasu atzeman ditu Osasun Sailak. PCR probak egin eta Osakidetza herriz herrikako datuak ematen hasi zenetik, 113 lagunek eman dute positibo gaur arte Azkoitian. 

Eskualdean ere atzeman ditu Osakidetzak kasu positibo gehiago. Azkoitian atzeman ditu gehien, bederatzi, baina horiez gain, Zestoan sei kasu zenbatu ditu, bosna Zarautzen zein Azpeitian eta bana Aian eta Zumaian. Guztira 27 kasu atzeman ditu Osasun Sailak eskualdean. Gainerako herrietan ez du kasu berririk atzeman.

Atzo, 11.125 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azken egunetako kopuru handiena da hori, eta guztira 579 lagunek eman zuten positibo. Lurraldeka aztertuta, berriz, Bizkaian 252 kasu, Gipuzkoan 188 eta Araban 131 detektatu ditu Osasun Sailak; hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere positibo eman zuten PCR probetan, ordea.

Ospitaleen egoera aztertuta, bestalde, egun 320 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan ospitaleratuta. Atzo beste 49 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldee horietan. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIUn), berriz, 55 pertsona daude gaixorik. R0 indizea, azkenik, 0,87koa da hiru lurralde horietan.

Nafarroan, beste 228 positibo zenbatu zituzten atzo, 2.893 PCR proba eginda; horrenbestez, egindako proben %7,6 izan ziren positiboak. Hemezortzi lagun ospitaleratu zituzten; horietako bat ZIUn. Gainera, COVID-19a zeukan emakume bat hil zen. Pandemia hasi zenetik, guztira, birusak kutsatutako 550 lagun hil dira Nafarroan.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide