Formula berriak probatzen

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 4a, 17:59

Matadeixe, artxiboko irudi batean.

Koronabirusak markatutako garaiotan, kultura arloko emanaldiak antolatzea ez da lan samurra. Baina Matadeixen ez daude geldirik egoteko. Ekainaren bukaeraz geroztik, hamaika emanaldi antolatu dituzte, eta aurrerantzean ere horretan jarraitzeko asmoa dute. Hori bai, egoera berrira egokituta eta beharrezko neurri guztiak hartuta ari dira lanean.

Martxoaren erdi aldera etorri zen konfinatzeko agindua, eta horrekin, bertan behera gelditu ziren hurrengo asteetarako programatuta zeuden kultur jarduera guztiak; baita Matadeikoak ere. Apirila itxialdian igaro ostean, maiatzean herritarrak hasi ziren pixkanaka-pixkanaka kalera ateratzen, baina kultur agendak hutsean jarraitu zuen artean. Hiru hilabeteko behartutako geldialdia egin behar izan zuten Matadeixen ere. "Ekainaren 28an zabaldu genituen berriz ateak, Xanti Agirrezabalaren Satiro antzezlana emateko", azalduko du asanbladako kide batek. "Errazena izango zen itxita jarraitzea, baina iruditzen zitzaigun bazegoela aukera zerbait egiten hasteko. Konfinamendua hasterako lotuta geneukan emanaldi hori eta aurrera egitea erabaki genuen". 

Gauzak egiteko modua egoerara egokitu behar izan dutela adierazi du Matadeiko asanbladako kideak, eta maskarez eta eskuak garbitzeko gelez gain, beste hainbat neurri ere hartu dituztela. Bat, sarrerei dagokiona. "Lehen, emanaldietarako sarrerak atean bertan saltzen genituen; orain, berriz, aurrez erreserbatu behar izaten dira". Hori bi arrazoigatik egiten dutela esan du. "Batetik, edukiera kontrolatzeagatik; eta bestetik, emanaldietara datozen guztien datuak eskura izateagatik. Horrela, zerbait gertatuko balitz, denekin harremanetan jartzeko modua izango genuke". 

Edukiera ere "zorrotz" kontrolatzen dute, artistak, ikus-entzuleak zein antolatzaileak "lasai eta seguru" senti daitezen. "Aretoaren edukieraren %60 betetzen dugu gehienez; berrogei bat lagun sartzen dira emanaldi bakoitzean". Gainera, ikuskizunak irauten duen bitartean publikoa eserita egoten dela nabarmendu du, eta barra itxita izaten dutela. "Esan beharra dago barra itxita egoteak mesede egiten dio ikuskizunari, jendea gutxiago mugitzen delako eta publikoak emanaldiaz beste modu batera gozatu dezakeelako". 

Lehendabiziko emanaldietan jendeak ondo erantzun zuela ikusita, udan zehar ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte Matadeixen. "Egia da eskaintza ere egoerara moldatu behar izan dugula eta publikoa lasai egoteko moduko gauzak antolatu ditugula, zinema, kontzertu lasaiak eta horrelakoak", azaldu du asanbladako kideak. "Badakigu larunbat iluntze batean rock kontzertu bat antolatzeak zer arrisku izan ditzakeen, beraz, oraingoz ez dugu horrelakorik antolatu, baina etorriko dira". 

Hurrengo emanaldia igande eguerdian izango da. Idoia Asurmendi eta haren taldeak kontzertua eskainiko dute, 12:00etan hasita. "Aspalditik geneukan gogoa igande eguerdi batean kontzertu bat antolatzeko, publikoak nola erantzuten duen ikusteko, eta taldeak berak proposamena egin zigunean, baiezkoa eman genion". Koronabirusaren aitzakian formula berriak probatzen ari dira, beraz, Matadeixen. "Egia da egoerak ez duela batere laguntzen eta ez dela erraza kultur jarduerak antolatzea, alde guztietatik mugak ezartzen ari zaizkigulako. Baina uste dugu, beharrezko neurriak hartuta, badagoela modua emanaldiak modu seguruan antolatzeko, eta guk horretan jarraitzeko asmoa dugu".