Anaitasuna, denboraldi atipikoenaren aurrean

Andoni Elduaien 2020ko ira. 1a, 11:10

Urriaren 18ra arte ez da hasiko futbolik Anaitasuna futbol taldearentzat, eta bien bitartean entrenatzen hasita daude nesken eta mutilen lehen taldeak; datozen egunetan hasiko dira beste talde batzuk. Liga txapelketak zuzentasunez aurrera eramateko gai asko daude lotu gabe futbol federazioen aldetik, baina koronabirusaren eraginari pixkanaka aurre egiten ari dira klubean. 

Nesken zein mutilen taldeak euskal ligetan daudela, ilusio handiko denboraldia da datorrena Anaitasuna futbol taldearentzat. Koronabirusaren eraginagatik, ordea, beste hilabete eta erdian gutxienez ez da futbolik izango Azkoitian. Espainiako Futbol federazioak ohar bidez azaldu duenez, urriaren 18an hasiko da Anaitasunako mutilentzat Hirugarren Maila. Anaitasuna futbol taldeko Pedro Urdapilleta presidenteak azaldu duenez, denboraldiaren hasiera data zehaztu aurretik, klub gehienek "gomendatutako bost edo sei asteko denboraldi-aurrea izatea" eskatu zioten federazioari. Eskaera onartuta, sei aste oso izango dituzte taldeek denboraldia prestatzeko, ondo bidean urriaren 18an hasiko baitute lehia Xabier Artetxe entrenatzailearen mutilek. 

Koronabirusak eragindako egoera "kontrolpean ez" dagoela uste du Urdapilletak, eta orain inoiz baino gehiago "federazioak eta Jaurlaritzak eskutik joan behar" dutela uste du. Kontuak kontu, Anaitasunako lehen taldeak hasi dira entrenatzen. Euskal Ligako neskak izan ziren entrenatzen hasten lehenak, eta joan den astean hasi ziren Hirugarren Mailako mutilak. Egunotan hasiko dira Erregional mailako taldea eta Ohorezko Jubenilen taldea entrenatzen, eta datorren astean adinez gazteagoak diren beste hainbat talde elkartuko dira berdegunean. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo, astelehena, eman zuen federatutako kirola egiteko baimena. Eskolarteko kirolak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ebazpenaren zain egon beharko du.

Hirugarren Mailatik azken denboraldian ez da inor jaitsi, eta ondorioz, 22 talde izango dira lehian. 11 taldek osatutako bi multzo egin dituzte, eta azkoitiarrek multzoan izango dituzte Vitoria, Basconia, San Ignacio, Pasaia, Sodupe, Santurtzi, Cultural Durango, Urduliz, Ariznabarra eta Azpeitiko Lagun Onak. Duela egun gutxi izan zuten klubetako ordezkariek bilera federazioarekin, eta han azaldu zuten multzoko taldeen aurka birritan jokatuko dutela taldeek, eta amaieran multzoa hirutan zatituko dutela. Multzoko talde onenak igoera fasera sailkatuko dira, sailkapenaren erdian daudenek kopa jokatuko dute eta maila ez galtzeagatik egin beharko dute borroka talderik kaskarrenek. Hala eta guztiz ere, Euskadiko Futbol Federazioak oraindik ez du zehaztu fase bakoitzera sailkatuko den talde kopurua zenbatekoa izango den. 

Era berean, zehaztu gabe dago Anaitasunako Euskal Ligako nesken taldeak denboraldi berria noiz hasiko duen. Klubak azaldu duenez, joan den astean izan zuten bilera federazioarekin, eta han adierazitakoaren arabera, urriaren 18ra arte neskek ere ez dute liga txapelketa hasiko, baina oraindik ez dute hasiera datarik baieztatu. Euskadiko Futbol Federazioak oraindik ez du jakinarazi ofizialki Emakumezkoen Euskal Ligaren formatua zein izango den, baina Urdapilletaren arabera federazioak taldeak bi azpimultzotan banatzea aurreikusten du. Datozen egunetan jakingo da, beraz, Gorka Zubizarretak zuzendutako nesken taldeak noiz hasiko duen sasoi berria eta zein talde izango dituen aurkari.

Koronabirusaren eragina

Koronabirusak zuzenean eragin du futbolaren beheko mailetan. Azken denboraldian liga eten behar izan zuten Gipuzkoan, eta ondorioz sailkapeneko lehena zen Anaitasunaren gizonezkoen taldea Hirugarren Mailara igo zen. Emakumezkoen taldeak, bestalde, sailkapenaren erdialdean amaitu zuen urtea. Orain, denboraldi berria prestatzeko ordua iritsi zaie guztiei, eta entrenamenduetarako hainbat neurri hartu ditu klubak. Txerloia edo San Juan zelaietara iritsitakoan, klubeko arduradun batek tenperatura hartzen dio jokalari bakoitzari, eta segidan erregistratu egiten ditu datuak. Eskuak gelarekin garbitzen dituzte guztiek, eta maskararen erabilera nahitaezkoa da instalazioetan. Entrenatzaileek uneoro jantzita izan beharko dute maskara, baita jokalariek ere ariketak egiten ari ez diren uneetan. Halaber, taldekide bakoitzak etxetik eraman behar du bere edatekoa. Aldagelak, berriz, itxita dituzte, eta ondorioz etxean ari dira dutxatzen pilaketak ekiditeko.

Eusko Jaurlaritzaren protokoloaren zain daude orain Anaitasunan. Taldekideren batek positibo ematen duen kasuan nola jokatu azalduko duen agiria aste honetan jasotzea aurreikusten dute. Urdapilletak dioenez, "klubak ez du baliabiderik egunero PCR probak egiteko", baina kasu positiborik badago, positibo eman duen jokalariaren taldeak eten egingo du jarduera aldi baterako. Horrek, noski, eragina izango du liga txapelketan. Anaitasunak dituen lehen informazioen arabera, puntuen ratio bidez egingo dute sailkapena Espainiako Hirugarren Mailan; alegia, jokatutako partidak eta partida horietan lortutako puntuak hartuko dituzte kontuan sailkapena egiterakoan. Urdapilleta presidentearen iritziz, ordea, jokatu beharreko partiden gutxieneko zenbatekoa zehaztu beharko dute sailkapena modu horretan egiteko. 

Ikusteko dago, bide batez, datorren denboraldian Anaitasunako jarraitzaileek Txerloira eta San Juanera joaterik izango duten edo ez. Eusko Jaurlaritzak duela egun gutxi jakinarazitakoaren arabera, ordea, kirol jarduera leku irekian bada, baimendutako edukieraren %60ak izango du neurketak zuzenean jarraitzeko aukera, gehienez 1.000 ikusle izan arte; kirol jarduera leku itxian baldin bada, berriz, baimendutako edukieraren %60a betetzeko aukera egongo da, gehienez 600 lagun elkartu arte. Halere, horren inguruko "informaziorik ez" dutela jaso azaldu du Anaitasunako presidenteak. "Aurreikuspena eta nahia futbola ikusleekin izatea" dela dio Urdapilletak, eta bazkideekin gaia "beti bezala lantzeko modua" izatea espero du. Hari asko daude zintzilik txapelketak hasteko sei asteren faltan, baina datozen asteetan guztiak lotzen joango diren itxaropena dute Anaitasuna futbol taldean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide