746 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 22a, 14:48

Hego Euskal Herrian atzo baino 75 positibo gutxiago detektatu dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Gipuzkoan 113 kasu atzeman dituzte. Osasun Sailak ez ditu herrikako datuak ematen asteburuetan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken orduetan izan diren 746 positiboren berri eman dute –atzo baino 75 kasu gutxiago–. Atzo 6.579 PCR proba egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 593 izan ziren positiboak. Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien, beste behin: 348. Araban, berriz, 126, eta Gipuzkoan 113. Erkidegotik kanpo bizi diren 23 kasu ere detektatu ditu Jaurlaritzak. Nafarroan hazi egin da kutsatuen kopurua: 153 izan dira azken orduetan.

Ospitaleratzeek ere gora egin dute; izan ere, 35 lagun ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Dena den, kopurua herenegungoa baino apalagoa da: orduan 58 lagun ospitaleratu zituzten. Orotara, 23 lagun daude gaur egun ZIUn.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak asteburuan ez ditu ematen herriz herriko datuak, eta beraz, ez du jakinarazi Azkoitiko PCR proben emaitzik. Hala eta guztiz, Azpeitiko Udalak jakinarazi ditu Alde Zaharreko agerraldiari lotutako proben azken orduetako emaitzak: guztira, zazpi positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide