Biharko egunari begira, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du Azkoitiko Udalak

Julene Frantzesena 2020ko abu. 17a, 20:00
Udalean egin duten bilerako irudia. (Azkoitiko Udala)

Biharko egunari begira, beste herrietatik jenderik ez etortzeko eskatu du udalak, "Azkoitira festarik ez" dagoelako eta jende multzoak saihestea "ezinbestekoa" delako. Herritarrei "arduraz" jokatzeko eskatu diete udal ordezkariek, Azpeitian izan den agerraldiak "eragin zuzena" izan dezakeelako herrian. 

Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdietako arduradunek bilera egin dute gaur, astelehena, herriak bizi duen egoera aztertzeko. COVID-19 gaitza "indarra hartzen" ari dela eta "kezka" agertu dute udaleko ordezkariek, eta herritarrei "arduraz" jokatzeko eskatu diete, Azpeitian izan den agerraldiak "eragin zuzena" izan dezakeelako herrian. Udaleko alderdi guztiek "zuhurtzia" eskatu dute, biharkoa bezalako egunetan, arriskua areagotu egiten delako".

Gaur osasun larrialdia indarrean sartu da Araban, Bizkaian eta Gipzukoan, eta hori egoeraren erakusle dela uste dute udaleko ordezkariek. "Herritarrak, gazte zein heldu, etxetik ateratzen diren unetik arduraz jokatu behar dute. Gobernuek hartutako neurri murriztaileak beharrezkoak dira, baina ezin gara besteek babesteko zain egon. Norberak hartu behar ditu neurriak, gomendioak eta arauak zorrotz betez. Heldutasuna erakutsi behar dugu”, azaldu du Javier Zubizarreta alkateak.

Biharko egunari begira, beste herrietatik jenderik ez etortzeko eskatu du udalak, "Azkoitira festarik ez" dagoelako eta jende multzoak saihestea "ezinbestekoa" delako. Horri lotuta, udalak adierazi du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, koordinatuta, kontrol zorrotzak egingo dituztela "jende multzoak saihesteko eta maskararen erabilera bermatzeko", eta era berean, terrazetako eta tabernetako edukierak kontrolatuko dituztela jakinarazi du.

Ordutegiekin eztabaida

Udalak azaldu duenez, ostalaritza guneei ezarritako ordutegiek "eztabaida" sortu dute, eta ostalariekin adostasunik ez denez lortu, udalak ordutegiak finkatzeko eskumenik ez duela jakinarazi du. "Egin, egin daiteke, dekretu bidez, baina horrek ez du inolako oinarri legalik edo babes juridikorik".

Asteburuan "nabarmentzeko inzidentziarik ez" dela gertatu ere adierazi du udalak, eta gogorarazi du EAEko Auzitegi Nagusiak ostalarien helegitea onartu eta ostalaritza guneen itxiera ordutegiak zabaltzea baimendu zuela ostiralean kaleratutako autoan. "Ondorioz, pasa den asteburuan, 01:30ean itxi beharrean, ordutegi zabalagoa izan dute establezimenduek, nahiz eta udalak baimendutako ordutegiak murrizteko akordioa lortu ostalariekin".

Udalak auzitegiaren erabakiaren berri eman du, eta jakinarazi du, haren arabera, tabernak 01:30era arte, pubak 03:00etara arte eta diskotekak 05:00etara arte egon zitezkeela irekita. "Une honetan, eta gainerako erakundeek iragarritako neurriak aplikatzen hasi bitartean, horiek dira baimendutako ordutegiak". Erakundeak jakinarazi du Azkoitian goizeko 03:00ak arte zabalik mantendu zitezkeen establezimenduek 02:30ean itxi zituztela ateak, eta 05:00ak arteko baimena zutenek 04:00etan. "Horraino iritsi zen udalaren eta ostalarien arteko adostasuna"

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ostalaritzako ordutegietan murrizketak iragarri dituztela eta, datozen orduetan horiek, buletinean kaleratzean, indarren jartzea espero duela adierazi du udalak. "Oraingoz, ez dagoena argi da noiz ezarri ahalko diren ordutegi murriztuak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide