'Izan bidea' dinamika babestu dute hainbat lagunek, Xoxoten

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 4a, 14:28
Hiru herrietako kideak, Xoxoten. (Argazkia: Sare)

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako herritarrak Xoxoten elkartu dira, hiru herrietako Sare plataformak deituta.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Sare plataformek deituta, hiru herrietako herritarrak Xoxoten elkartu dira gaur, zapatua, presoen eta iheslarien egungo egoerari irtenbidea ematen hastea eskatzeko. Guztira hiru herrietako 100 lagun inguru elkartu dira 11:00etan Xoxote mendian. Azkoitiarrak herriko plazatik 09:00etan abiatu dira aldapan gora.

Sarek oraintsu jarri du martxan Izan bidea, ibiltarien sarea kanpaina, eta Azkoitian ere kanpaina hori presente egotea nahi dute. Hain zuzen ere, euskal presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak egitea eta kilometroak gauzatzea da xedea, "herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz". Datozen bi urteetarako prestatu du Sare plataformak kanpaina, eta erronka 3.127.326 kilometro egitea da, hau da, Euskal Herrian dauden biztanle kopurua kilometrotara eramatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide