Berriz ere martxan da Azkoitiko Sare

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 23a, 11:21
Atzoko bilerara joan ziren herritarrak.

Atzo, astelehena, Sareren jarduna berrabiarazteko bilera egin zuten hainbat lagunek. Martxan den Izan bidea, ibiltarien sarea kanpainarekin bat egin dute Azkoitian, eta dinamikarekin bat eginez, Xoxotera irteera antolatu dute uztailaren 4rako. Ostiralean, berriz, azken ostiraleko elkarretaratzea egingo dute, presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde.

Azkoitiko Sare berrabiarazteko batzarra egin zuten hainbat lagunek atzo, astelehena. Sareren jarduna bertan behera gelditu zen duela hilabete batzuk, baina hainbat herritarrek "berriz aktibatzeko" beharra ikusi dutelako egin zuten bilkura. Izan ere, haien arabera, "Sare da eta izango da presoen, iheslarien eta deportatuen eta horien familien eskubideen defentsan aritzen den erreferentziazko taldea".

Sarek oraintsu jarri du martxan Izan bidea, ibiltarien sarea kanpaina, eta Azkoitian ere kanpaina hori presente egotea nahi dutela azaldu dute. Hain zuzen ere, euskal presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak egitea eta kilometroak gauzatzea da xedea, "herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz".

Bi urteko epealdirako prestatu du Sarek kanpaina, eta erronka 3.127.326 kilometro egitea da haren xedea; hau da, Euskal Herrian duen biztanle kopurua kilometrotara eramatea. "Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea, etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea".

Hori dela eta, herritarrak taldean, lagunartean, familian edo bakarka kilometroak egitera animatu dituzte Azkoitiko Sareko kideek. Sakelako telefonoetarako aplikazioa jarri du martxan dagoeneko Sarek, eta Play Storetik jaitsi daiteke, egindako kilometroak konta ditzan. Izan bidea da aplikazioaren izena.

Lehen zita, Xoxotera

Martxan jarritako dinamika ezagutarazteko, Xoxotera irteera antolatu dute uztailaren 4rako. Larunbat horretan 09:00etan elkartuko dira Azkoitiko plazan, eta Azpeitiko eta Zestoako herritarrak ere Xoxotera igoko dira, herri horietatik. Xoxoten argazkia aterako dute hitzordura batzen diren herritar guztiek, eta Azkoitiko Sareko kideek hara joatera animatu dituzte herritarrak.

Bestalde, datorren ostirala, ekainak 26, hileko azken ostirala izanik, elkarretaratzea deitu du Sarek. 20:00etan izango da, plazan. Herritarrei maskara eramateko gogorarazi die Azkoitiko Sarek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide