Sareren azken ostiraleko elkarretaratzea, datozen hitzorduei begira

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 27a, 10:57
55 bat lagunek egin zuten bat atzoko elkarretaratzean. (Azkoitiko Sare)

Izan bidea, ibiltarien sarea kanpainaren berri eman eta presoen eskubideen alde "lanean jarraitzeko itzuli" direla adierazi zuten Azkoitiko Sareko kideek, "'normaltasun berria' deitzen dioten hori eszenatoki zahar batean finkatu ez dadin".

Astelehenean Azkoitiko Sare berrabiarazteko batzarra egin ondoren, atzo, ekaineko azken ostiralean, presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen defentsarako plataforma herritarrak deituta elkarretaratzea egin zuten herriko plazan. COVID-19aren krisiak eragindako etenaren osteko bigarrena izan zen atzokoa; 55 bat lagun elkartu ziren plazan, eta maiatzeko elkarretaratzean bezala, osasun larrialdiaren barruan ohikoak bihurtu diren neurriak hartuta egin zuten bilkura.

"Lanean jarraitzeko itzuli" direla gogorarazi zuten Azkoitiko Sareko kideek amaieran irakurri zuten adierazpenean, "'normaltasun berria' deitzen dioten hori eszenatoki zahar batean finkatu ez dadin". Koronabirusak presoek eta haien familiek lehendik pairatzen zituzten zailtasunak areagotu egin ditu, eta hori ere nabarmendu du Sarek, aurrera begira jarrita "ziurgabetasun" egoera hazi egin dela aipatuta: "Desekalatzeak zain zeuden besakarda asko itzuli ditu, baina gureek oraindik itxaron egin beharko dute. Ez dakigu noiz, nola eta zer egoeratan besarkatuko ditugun berriro gure senideak, gure lagun espetxeratuak".

Aurrera begira jarrita, ordea, egitasmo berri bat ere badu esku artean Sarek, Izan bidea, ibiltarien sarea kanpaina, eta horren berri ere eman zuten atzoko hitzorduan. Kanpaina berriaren barruan, uztailaren 4an Xoxotera igotzeko deia egina dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako sarekideek, eta ekitaldi horren zenbait xehetasun eman zizkieten atzo plazan elkartutakoei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide