Azkoitiko eskolak, ikasturte bukaera antolatzen

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 22a, 12:12
Izarraitz Lanbide Heziketa.

Ikasturtea bukatzeko hilabete falta da, eta herriko eskolak ari dira gelditzen diren aste horietarako jarduna antolatzen, Eusko Jaurlaritzak eskola bakoitzaren esku utzi baitu ikasturte amaierara arte nola lan egin erabakitzea. Orain arte denak modu telematikoan aritu badira ere, astelehenetik aurrera aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera izango dute horietako batzuk. 

Maiatzaren 7an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi zuen Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek, Lehen Hezkuntzako ikasleek eta DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek urrutiko irakaskuntzaren bidez amaitu beharko dutela ikasturtea; ikasle horiek ez dira ikasgeletara itzuliko aurtengo ikasturtean, eta irailaren 7an hasiko dutel datorren ikasturtea. 0-1 urtekoei dagokienez, egoera aztertzen ari da Hezkuntza saila. 

DBHko laugarren mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen kasuan, ordea, Hezkuntza sailak ikastetxe bakoitzaren esku utzi zuen maiatzaren 25etik ikasturtearen amaierara bitartean zer egin erabakitzea. Erabaki horrek Azkoitian Floreaga Salestar Ikastetxean, Azkoitia BHIn eta Izarraitz Lanbide Heziketan du eragina. Maxixatzenek herriko ikastetxe guztiekin hitz egin du beraien erabakiak zein diren ezagutzeko:

Floreaga Salestar Ikastetxea

Floreagan ekainaren 19an amaituko dute ikasturtea, aurreikusita zegoen egunean hain zuzen ere. DBHko laugarren mailara arteko ikasleak daude Floreaga Salestar Ikastetxean, eta horiek modu telematikoan amaituko dute aurtengo ikasturtea. Floreagan klase presentzialak etenda badituzte ere, zenbait ikasleri errekuperazioak modu presentzialean egiteko aukera emango diete ikasturte amaieran.

Azkoitia BHI

Azkoitia BHI ikastetxean oraindik ez dute hartu behin betiko erabakia ikasleak eskolara bertaratzearen inguruan. Erabakia hartzeko eskolako komunitate osoaren iritzia kontuan hartu nahi dute; hau da, gurasoena, ikasleena eta irakasleena. Dena den, Hezkuntza Plana kontuan hartuta, ikasturtea nola bukatu programazio edo plangintza bat eginda dute dagoeneko, eta hori aurrera eramango duten erabakitzeko, datorren astean Eskola Kontseilua bilduko da, eta han landuko dute gai hori. Ikasturtearen bukaeran ikasleak eskolara bertaratzeko kontuaren inguruan, berriz, behar-beharrezkoa duten ikasleak bertaratzea aurreikusita dute. Gainera, talde osoa batera ez litzateke joango, talde txikietan joango lirateke eskolara ikasleak. Hala ere, behin betiko erabakia datorren astean hartuko dute.

Izarraitz Lanbide Heziketa

Izarraitz Lanbide Heziketan sei heziketa ziklo eskaintzen dituzte, eta Eduardo Sudupe zuzendariaren hitzetan, "ziklo bakoitzak bere berezitasunak ditu"; beraz, berezitasun horien arabera antolatu behar izan dute ikasturte bukaera. Administraritzako goi mailako zikloa, esaterako, online bukatu ahal izango dute ikasleek. "Bakarrik ikastetxera etorriko dira proiektu baten aurkezpena egitera, aurretik jarritako egun eta orduan". Lau irakasle eta hiruzpalau ikaslek osatutako lan taldea bilduko litzateke gela berean. 

Ziklo industrialak, ordea, praktikoagoak dira eta ikastetxean bertan hainbat praktika ordu egin behar izaten dituzte. "Kasu batzuetan, praktika horiek online egin daitezke, simulagailuak badaudelako; baina ez beti, esaterako, tornu eta fresagailuen kasuan. Horiek ezin dira etxean landu". Kasu horietan, datorren astelehenetik ikasleek ikastetxera joateko aukera izango dute praktikak egitera, "jakineko egun batzuetan". Praktika horiek talde txikietan eta irakasle bakarrarekin egingo dituztela esan du Sudupek. "Ziklo bakoitzerako egutegia antolatu dugu datozen bizpahiru asteetarako. Praktikak egitera ez dute egunero etorri beharko, astean pare bat aldiz baizik". Lehentasuna emango diete "gabezia pedagogikoak" dituzten ikasleei, eta praktikak egitera joatea "borondatezkoa" izango da. "Guk etortzea gomendatuko diegu, baina ikasle bakoitzaren etxeko egoerak eta osasun egoerak eragina izan dezake praktikak egitera etorri edo ez erabakitzeko orduan". 

Eskola praktikoetan ez ezik, zikloa bukatzeko enpresetan egiten dituzten praktiketan ere eragina izan du koronabirusak sortutako ezohiko egoerak, eta ikasle horien kasuak banan-banan aztertzekoak direla adierazi du Sudupek. "Batzuk, praktikaldia hasi ere ez zuten egin; beste batzuk, hasi eta gutxira etxera bidali zituzten; eta badira praktikaldian asteak daramatzatenak ere, oinarrizkotzat jotako sektoreetako enpresetan ari direlako". Enpresetan praktikak egin ezinik gelditu zirenean, ikasleei ziklo bukaerako proiektu bat egiteko aukera eman zien Hezkuntza Sailak, eta proiektu hori egiten sartu dituzten orduak praktikaldi gisa hartu dizkiete kontuan. "Beraz, hori guztia hartuko dugu kontuan". Badira praktikaldia egiteari uko egin dioten ikasleak ere. "Batzuek nahiago izan dute datorren ikasturterako lagatzea. Horiek berriz eman beharko dute izena, eta irailetik aurrera egingo dute praktikaldia". 

Ikastetxean bertan, berriz, prestatzen ari dira ikasle eta irakasleak hartzen hasteko. Sarreran kontrol bat ezarriko dute. "Maskarak, eskularruak eta gela banatuko ditugu, eta sartzen diren guztiei tenperatura eta datuak hartuko dizkiegu", azaldu du Sudupek. Ate batetik sartu eta bestetik irtengo dira guztiak eta korredoreetan markak jarriko dituzte, norabide bakoitzean doazenak zein aldetatik joan adierazteko.

Xabier Munibe ikastola

Xabier Munibe ikastolan ere ekainaren 19an amaituko dute aurtengo ikasturtea. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei ematen dizkiete bertan eskolak, eta horiek, orain arte aritu bezala, modu telematikoan jarraituko dute. Ikasturtea modu telematikoan amaituko dute.

Bizilore Eskola Aktiboa

Biziloren dabiltzan umeak ere ez dira aurrez aurreko eskoletara itzuliko aurtengo ikasturtean, eta konfinamendu garaiko lan egiteko moduarekin jarraituko dute datozen asteetan ere. Irune Agirregabiria zuzendariaren arabera, irakasleak astean behin egoten dira haur bakoitzarekin eta haren familiarekin bideo-dei bidez, astea nola joan den jakiteko eta hurrengo asterako proposamenak hitzartzeko, eta astean beste behin komunitate bakoitzeko —txikienekin izan ezik— taldeko bideo-deiak egiten dituzte, talde izaerari eusteko.  

Ikasturteari bukaera nola eman aztertzen ari direla esan du Agirregabiriak, eta horretarako komunitate bakoitzeko gurasoekin bilerak egiten ari direla. "Irakasle, guraso eta ikasleen artean adostu nahi dugu zer-nolako bukaera eman nahi diogun ikasturteari. Garbi duguna da, urtero bezala, itxiera borobila eman nahi diogula. Orain, sormena erabilita, modua bilatu behar".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide