Astebete koronabirus kasu positiborik gabe Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 9a, 13:53

Astebete bete da koronabirus kasu berririk gabe Azkoitian. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, hamabost kasu berri atzeman dituzte Zarautzen, eta bana Aian eta Orion.

Azkenaldian bazirudien koronabirusaren egoera hobetzen ari zela, baina Eusko Jaurlaritzak eguerdian kaleratu dituen datuek ez dute adierazten halakorik. Izan ere, hamazazpi positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan Urola Kostako herrietan. Hain justu, hamabost kasu berri baieztatu dituzte Zarautzen, eta bana Aian eta Orion. Gainontzeko herrietan ez da gorabeherarik izan.

Kontaketa hasi zutenetik, honako hauek dira herriz herriko datuak: 159 lagun kutsatu dira Zarautzen; 49 Zumaian; 21 Orion; hemezortzi Azkoitian; hamasei Azpeitian; bosna Aian, Getarian, eta Zestoan; eta hiru Aizarnazabalen. Errezilen eta Beizaman ez dute COVID-19 gaitzarekin kutsatutako bizilagunik atzeman.

Dena den, hainbat lagun sendatu dira pandemia hasi zenetik, eta hil ere egin dira zenbait herritar. Beraz, ez dago zehazki jakiterik zenbat herritar diren egun gaixorik daudenak.

Dena den, Osakidetzak ematen dituen lurraldekako datuak eta herriz herrikoak ez datoz bat. Lurraldekako datuetan PCR testetan positibo emandakoak bakarrik kontatzen ditu Osakidetzak. Horrela, gaur adibidez, Osakidetzak berak emandako datuen arabera, bederatzi dira PCR testean positibo emandakoak Gipuzkoan, eta horiek soilik zenbatu dituzte positiboen berri ematerakoan; baina, aldiz, Urola Kostako herriak zenbatuta, hamazazpi dira positibo eman duten herritarrak. Osakidetzak datuak ematerakoan, ez du zehazten herriz herriko datuak zer testetan oinarrituta zenbatzen dituen.

Lurraldekako datuak

Lurraldekako datuei dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 53 lagunek eman dute positibo PCR testa eginda; horietatik 34 Bizkaian izan dira, hamar Araban eta bederatzi Gipuzkoan. Test azkarretan positibo eman dutenak, berriz, 343 izan dira hiru lurralde horietan.

17.553 dira lurralde horietan COVID-19az kutsatutakoak, baina horietatik %79,7 sendatu dira dagoeneko. Koronabirusagatik hildakoen kopurua ere eguneratu du Eusko Jaurlaritzak; azken orduetan hamahiru izan dira hildakoak. Guztira, 1.403 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez.

Nafarroako Gobernuak ere plazaratu ditu datu eguneratuak, eta zehaztu du, kontaketa hasi zutenetik, 7.442 lagun kutsatu direla koronabirusarekin eta 487 lagun hil direla. Azken 24 orduetan, beraz, hiru dira Nafarroan hildakoak. Alta jaso dutenak, berriz, 2.917 dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide