Terrazen edukiera handitzen ahaleginduko da udala, "ahal den neurrian"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 5a, 15:49

Plazaberriko terrazan hainbat herritar, koronabirusa agertu aurretik.

Udala kasuz kasu ari da aztertzen tabernetako terrazen handitzea irekierari begira. "Ahal den neurrian, eta betiere segurtasun distantziak bermatuta", terrazen edukiera handitzen saiatuko dela jakinarazi du.

Azkoitian 30 establezimenduk dute terraza eta agindutako murrizketekin ateak irekitzeak ez ditu guztiak konbentzitzen. Udala denekin harremanetan jartzen ari da telefono dei bidez, zer asmo duten jakiteko eta mahai kopurua handitzeko aukerarik dagoen aztertzeko. Zenbait taberna biharko egunaren zain daude datorren astelehenean ireki ala ez erabakitzeko. Izan ere, bihar bozkatuko da kongresuan alarma egoeraren luzatzea, eta ezetza aterako balitz testuingurua aldatu egingo litzateke.

Udalak martxoaren 14an agindu zuen terrazak ixtea, alarma egoera dekretatu baino ordu batzuk lehenago. Ordutik, kafetegiak, tabernak eta jatetxeak itxita egon dira. Eta udalak iragarri zuen ez duela terraza tasarik kobratuko establezimenduak itxita egon diren denboraldian. Hala ere, aurreikuspenak betetzen badira, segur aski maiatzaren 11n zabaldu ahal izango dituzte terrazak %50eko edukiarekin, deseskaladaren lehenengo fasean, alegia.

Kanaria eta Balear uharteetan ostalariek hartu behar izan dituzten neurriak erreferentzia gisa hartuz gero, mahaien artean gutxienez bi metroko distantzia egon beharko du eta taldeak gehienez hamar pertsonakoak izango dira. Gainera, bezero baten eta beste baten artean mahaiak eta aulkiak desinfektatu beharko dira eta ezingo dira menuen karta, ezpainzapitako edo partekatzen den bestelako artikulurik erabili.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide