Bihar irekiko dituzten dendentzako eta zerbitzuentzako jarraibideak argitarau dituzte

Ile-apaindegiak dira bihartik irekitzeko aukera izango duten negozietako bat.

Koronabirusaren ondoriozko konfinamendua arintzeko lau fasetako lehendabizikoari lotutako bost agindu argitaratu ditu gaur arratsaldean Espainiako Aldizkari Ofizialak.

Koronabirusaren ondoriozko konfinamendua arintzeko lau fasetako lehendabizikoari lotutako bost agindu argitaratu ditu gaur arratsaldean Espainiako Aldizkari Ofizialak. Bihartik aurrera izango dute eragina aipatutako aginduek eta horietako bat da maiatzaren 4tik aurrera murrizketekin bada ere ateak ireki ahal izango dituzten denda eta negozio txikiei dagokiena. Gaurko aginduak ez du eraginik alarma egoera hasi zenetik martxan jarraitzen duten saltokiengan; horiek orain arteko neurriak eta baldintzak betetzen jarraitu beharko dute

400 metro koadrotik beherako lokalak dituzten eta larrialdi egoera ezarri zenetik itxita egon diren dendak eta zerbitzuak dira bihar berriro ateak irekitzeko aukera izango dutenak, baina baldintza zorrotzak beteta. Horien artean aipagarriena da bezeroek saltokira joan aurretik  txanda eskatu beharko dutela. Saltoki barruan, langile adina bezero egon ahalko dira une berean. Langileen artean zein horien eta bezeroen artean bi metroko segurtasun distantzia gorde beharko dute, elkarrengandik bereizteko manpara edo salmahairik ezean; hori posible ez den kasuetan (ile-apaindegietan, esaterako), babes pertsonalerako neurriak hartzea ezinbestekoa izango da, maskarak erabilita, besteak beste.

Lokalak egunero bitan desinfektatu beharko dituzte. Arropa edo zapata dendetan bezeroek produktuak dendan probatzeko aukera izango dute; bezero bakoitzak probatzen duen jantzi edota oinetako oro desinfektatu beharko dute ondoren dendaren arduradunek, baita probagela ere -bakarra izan dezakete irekita-, erabilera bakoitzaren ondoren. Langileek lanean erabilitako arropa egunero garbitu beharko dute, ura 60 gradutik gora dela. Bezeroek ezingo dituzte erabili saltokietako komunak eta dendariek gel hidroalkoholikoa jarri beharko dute bezeroen eskura lokalaren sarreran. Bestetik, bihartik irekiko diren dendek eta zerbitzuek lehentasuna eman beharko diete 65 urtetik gorako bezeroei, txanda bidez, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Jatetxeek ere sukaldeak martxan jartzeko aukera izango dute bihartik aurrera, baina eramateko janaria prestatzeko bakarrik. Etxez etxe banatzeko aukera izan dute ostalaritza zerbitzu batzuek orain arte ere, baina bihartik aurrera bezeroen enkarguak jaso, horiek prestatu eta bezeroei bila noiz eta nola pasatu behar duten esanez lan egiten hasteko bidea ireki dute orain.

Garraio publikoa eta pribatua

Atzo aurreratu zuten bezala, garraio publikoan maskara erabiltzea derrigorra izango da bihartik aurrera eta agindu hori ere jaso dute gaur Espainiako Aldizkari Ofizialean. Horrekin batera, garraio publikoaren okupazio murritzagoari lotutako zenbait neurri eman dituzte, baina baita ibilgailu partikularrei lotutako arau berriak ere. Horrela, bihartik aurrera eserleku ilara berean bi lagun joan ahalko dira, baina distantziak ahal bezain beste gordeta eta maskarak jantzita, beti ere.

Eraberritze lanak

Etxebizitetan zein lokaletan eraberritze lanak ere martxan jarri ahalko dira berriro bihartik aurrera, baina etxekoak ez daudenean bakarrik, edo obrak egin behar diren eraikineko gunea hutsik dagoenetan.

Kirolari profesionalak eta federatuak

Kirolari profesionalek eta federatuek aire zabalean entrenatzera itzultzeko aukera izango dute bihartik aurrera, baina banaka, taldean ez.

Profesionalek edota goi mailako kalifikazioa duten kirolariek ez dute ez ordutegi ez distantzia mugarik izango, beren probintziatik irten gabe entrenatzen badute, beti ere; segurtasun eta higiene neurri orokorrak bete beharko dituzte, hori bai. Gainerako kirolari federatuek, aldiz, atzotik herritarrek kirola egiteko dituzten ordutegi eta geografia muga berak izango dituzte entrenamenduak egiteko.

Agiritegiak martxan

Artxibategi edo agiritegiak ere kontsulta eta erabilera presentzialerako prestatuta egongo dira bihartik aurrera. Hala ere, ezinbestekoa denetan bakarrik joan ahalko dute erabiltzaileek gune horietara; gainontzean, erabilera telematikoa lehenetsiko dute kasu guztietarako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide