Salaketa Eguna deialdiarekin bat eginda, mobilizazioak egin dituzte herriko lantokietan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 28a, 15:47
Murua lantegiko langileak. (Argazkia: LAB)

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izanik, Salaketa Eguna deialdiarekin bat egin dute herriko hainbat lantegitan. Lan osasuna bermatzeko eta bizitza defendatzeko deia egin dute.

Gaur, apirilak 28, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, eta Azkoitiko hainbat lantegitan bat egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin duten Salaketa Eguna deialdiarekin. Salaketa egun horri lotuta, lantokien aurrean elkarretaratzeak, isiluneak eta eserialdiak egin dituzte. Nabarmendu dute "COVID-19aren krisiak eta ezarritako salbuespen egoerak baldintzatu" duela aurtengo nazioarteko eguna. "Krisi honetan langile guztion osasuna arriskuan jarri dute", nabarmendu dute.

Mobilizazien deitzaileek azaldu dute, lan osasuna bermatzeko "baliabide nahikorik gabe lan egitera behartzen" dituztela. "Kapitalaren interesak lehenesten dituzte langileon osasunaren gainetik", adierazi dute. Salaketa Eguna adierazpena sinatu duten sindikatuek azaldu dute "argi" dutela bizitza eta kapitalaren artean aukeratzeko unea iristen denean, "lehendabizi bizitza" jarriko dutela. "Osasunik gabe eta bizitzeko eskubidea bermatu gabe ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi. Are gehiago, soilik osasuna bermatuta duen gizarte batek izango du aukera jarduera ekonomiko arrunta izateko", gehitu dute.

Gainera, koronabirusaren krisia gainditutakoan, sei sindikatuek "erdigunean bizitza" jarriko dutela jakinarazi dute. "Oinarrizko zerbitzuetan babes neurri egokirik eta nahikorik gabe ari garenok, gainerako eremuetan osasunaren bermerako planik edota neurri egokirik gabe ari garenok, mobiliza gaitezen, gure lan osasunaren kontrako praktikak salatzeko", azaldu dute.

San Jose egoitzako langileak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide