Kutsatutako herritarrik ez azken 24 orduetan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 21a, 14:02

Ez dute kasu positibo berririk detektatu ez Azkoitian ezta eskualde osoan ere azken 24 orduetan. Koronabirusaren krisialdiagatik kutsatuen kontaketa hasi zutenetik lehen aldiz ez da kasu berririk zenbatu eskualdean.

Krisialdiaren amaiera oraindik urruti ikusten bada ere, badaude itxaropenerako datuak. Azken 24 orduetan ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu ez Azkoitian ezta Urola Kostako eskualdean ere. Kasuak kontatzen hasi zirenetik lehen aldiz ez dute kasu positibo berririk atzeman.

Hala, bezperako datuak mantentzen dira. Eskualdean 211 kasu positibo metatu dira. Horietatik 112 Zarautzen zenbatu dira, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, hamar Azpeitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirus kasurik gaur gaurkoz. 

Zenbakiak horiek dira, baina kontuan hartu behar da denbora honetan sendatu edo zendu diren bizilagunak badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun guztiarekin zenbat lagun dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz gaixorik.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, koronabirusa atzemateko 2.088 test egin dituzte azken orduetan, eta 183 kasu berri hauteman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, azaldu dute 24 lagun hil direla gaitzaren ondorioz azken orduetan. Guztira, 1.103 pertsona hil dira krisialdiaren hasieratik.

Nafarroan, berriz, 4.831 koronabirus kasu zenbatu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 397 lagun hil dira gaitzaren ondorioz.  

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak kontuan hartuta, guztira, 17.641 lagun kutsatu dira COVID-19 gaitzarekin kontaketa hasi zenetik. Dena dela, nabarmendu behar da Hego Euskal Herriko 8.467 herritarrek jaso dutela dagoeneko sendagiria. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide