Arartekoak itxialdiko zarataren inguruan hitz egin du

Maxixatzen.eus 2020ko api. 15a, 15:47

Arartekoak auzoetatik etxeetara sartzen den zaratari buruzko hainbat azalpen eman ditu ohar baten bidez. Azaldu du "gatazkak" piztu direla herritarren artean eta gehiegizko zarataren aurrean horretarako dauden "legeak erabiltzeko" adierazi du. Era berean gehitu du eskumena udalena dela.

Arartekoak ohar bat kaleratu du itxialdia egunetan ohikoa bihurtu den kexa bati buruz: norbere etxean jasan beharreko zarata. Manuel Lezertuaren bulegoak adierazi duenez, musika eta obrak dira herritarren kexa iturri nagusiak, baina azaldu duenez, herritar asko etxean lanean ari da.

Horri lotuta, adierazi du gatazkak ari direla pizten herritarren artean, batzuk musika gailuak "ozen" erabiltzen dituztelako, eta "eragozpenak sortzen dizkietelako atseden hartu edo etxe barruan beren bizitza egin nahi duten" auzoei.

Alarma egoerak hainbat oinarrizko eskubide mugatu dituela ere gogoratu du Arartekoak, hala nola mugitzeko askatasuna. Halere, nabarmendu du muga horiek ezin dutela eragin "oinarrizko beste eskubide batzuez baliatzeko". Bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea aipatu ditu horien artean.

Auzotik etxera sartzen den zaratak "eragozpenak" sortzen baditu, "pertsonen bizi kalitatean" eragiten badu edota haien "nortasuna aske garatzea galarazi edo zail" badezakete, "norbere etxea bortxatzen" dela uste du Ararteakoak. Halaber, gehiegizko mugak gainditzen dituzten zarata iturrien kontra herritarrak "eraginkortasunez" babestu behar direla dio Arartekoak, eta horretarako dauden legeak gogoratu ditu.

Bestalde, adierazi du udalen eskumena dela eremu hori, eta udaltzaingoaren bitartez ikuska dezaketela zarataren neurria. Gogoratu du parametro horiek gainditzea "arau-hauste administratiboa" izan daitekeela. Bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea “bereziki garrantzitsua” dela gogoratu du Arartekoak, batez ere alarma egoera batean biztanleek etxean itxita egotea besterik ez dutenean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide