Hamabigarren koronabirus kasu positiboa diagnostikatu dute Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 14a, 13:41

Azken bi egunetan koronabirus kasu positibo berri bana zenbatu dute Azkoitian. Ondorioz, hamabi dira herrian atzemandako kasuak.

Koronabirus kasu berriak hautematen jarraitzen dute nola Azkoitian, hala eskualdean. Gaurkoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste kasu positibo berri bat diagnostikatu dute Azkoitian. Hamabi herritarrek eman dute positibo koronabirusagatik herrian.

Guztira, lau koronabirus kasu berri baieztatu dituzte azken 24 orduetan Urola Kosta eskualdean: Azkoitiko bakar horrez gainera, beste hiru kasu atzeman dituzte Zarautzen. Eskualdeko beste herrietako positiboen kopuruek berdin jarraitzen dute. Hala, ondorengoak dira, herriz herri, kontaketak hasi zirenetik positibo eman duten herritarren kopuruak: 105 Zarautzen, 45 Zumaian, hamabost Orion, hamabi Azkoitian, zortzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Datuak lurraldeka
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 11.226 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 208 gehiago.1.367 test egin dituzte hiru lurralde horietan azken 24 orduetan, eta horietatik %15ek eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du portzentaia hori orain arteko baxuena izan dela. Nafarroan, berriz, 4.150 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.108 dira koronabirusarekin hildakoak. Hildako berrien kopurua azken egunetakoa baino baxuagoa bada ere, “datu lazgarria” izateari ez diola uzten nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Gaitza gainditu duten pertsonak ere badaude, noski. Guztira, 5.923 pertsonek senda agiria jaso dute Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Sailak emandako datuak kontuan hartuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide