Hondakinak ezin direla lurrean utzi gogorarazi du Mankomunitateak

Maxixatzen.eus 2020ko api. 14a, 09:51

Argazkian, bolumen handiko hondakinak.

Egunotan herritarrak edukiontzien kanpoaldean utzitako "hondakin ugari" jasotzen ari direla jakinarazi du Urola Erdiko Mankomunitateak. Ondorioz, COVID-19 gaitza dela-eta, Mankomunitateko langileen osasuna arriskuan jartzen dela eta hondakinak biltzeko zerbitzua kaltetu egiten dela azaldu du. Hori ekiditeko, hondakinak lurrean edota edukiontzien inguruan ezin direla laga gogorarazi du.  

Azken aste hauetan, hondakinak biltzeko zerbitzua murriztu dute COVID-19 gaitzaren eraginez: arropa eta bolumen handiko zaborren bilketarik ez dago, eta Garbigunea itxita dago, besteak beste. Ordea, hondakinak "maiz" edukiontzien kanpoaldean agertzen direla ohartarazi du Mankomunitateak, batez ere, arropa eta bolumen handiko hondakinak (altzariak eta traste handiak).

Horrenbestez, hondakinak ondo sailkatzea eta kalea zein edukiontzien eremuak garbi mantentzea herritar guztien betebeharra dela jakinarazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide