Urola Erdiko Mankomunitateak hainbat aldaketa egin du hondakinen bilketan COVID-19 gaitza dela eta

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 22a, 18:24

Alarma egoera dela-eta zenbait aldaketa egin ditu hondakinen bilketan Urola Erdiko Mankomunitateak. Besteak beste, hondakinak botatzeko sarbide kontrola kendu dute herrietako ekarpen guneetan.

COVID-19 gaitzak eta alarma egoerak behartuta, zenbait aldaketa egin behar izan ditu Urola Erdiko Mankomunitateak hondakinen bilketan. Alde batetik, sarbide kontrola kendu du Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan. Hori dela eta, herritarrek ez dute txartelik beharko ekarpen guneetara sartzeko edo hondakinak gaika uzteko; hau da, irekita egongo dira gune horiek une oro. Bestalde, mankomunitateak bertan behera utzi du bolumen handiko hondakinen zabor bilketa, etxez etxe hondakinak jasotzen ibilita "kutsatzeko arriskua" areagotuko litzatekeela argudiatuta.

Horrez gain, alarma egoeran poltsa konpostagarriak zein dendatan jaso daitezkeen gogorarazi dute, konfinamenduagatik hainbat denda itxita baitaude. Honako dendetan jaso daitezke poltsak:

  • Azkoitia: Lujan liburu-denda, Hazia belar-denda eta Odazpi kafetegia.

  • Azpeitia: Inar optika, Itzira gozotegia eta Urrestillako estankoa.

  • Zestoa: Unide janari-denda, Errasti Elorza Coviran janari-denda, Miantxa janari-denda eta Ainara ileapaindegia.

Bestalde, Azkoitiko garbigunea itxita egongo dela gogorarazi du mankomunitateak. Aurrez aurreko harrera zerbitzua ere bertan behera gelditu da; hori dela eta, herritarrek 943-85 73 19 telefonora deitu, ueue@urolaerdia.eus helbide elektronikora idatzi edo zerbitzu telematiko bidez argitu beharko dituzte zalantzak.

Hondakinak kudeatzeko protokoloa

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak protokolo bat osatu du COVID-19 gaitza dutenek hondakinak nola kudeatu behar dituzten azaltzeko. Hori dela eta, koronabirusa dutenek edo berrogeialdian dauden herritarrek honako urratsak jarraitu beharko dituzte hondakinak kudeatzerakoan:

  • Urola Erdiko Mankomunitatera deitu –943-85 73 19– edo ueue@urolaerdia.eus helbide elektronikora idatzi. Telefonoz edo idatziz emandako aholkuak eta aginduak zorrotz bete beharko dira.

  • Hondakinak ez dira bereizi behar. Zabor guztia poltsa batean sartu eta errefusaren edukiontzira bota behar da eskularruekin, hiru poltsatan sartuta (bata bestearen barnean).

  • Zestoan, atez ateko bilketan honakoa egin beharko da: hasteko, mankomunitateak adieraziko du nola sartu behar diren hondakinak poltsetan; ondoren, mankomunitatea harremanetan jarriko da herritarrarekin telefonoz hondakinak prest izateko eta kuboa atarian duela esateko; mankomunitateko biltzaileak 20:00etan joango dira herritarren etxera eta kuboa jarriko die etxe atarian tapa irekita –herritarrak ezingo du kuboa ukitu–; eta azkenik, biltzaileek kuboa eramango dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide