Funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak etengo ditu Espainiako Gobernuak astelehenetik aurrera

Azkoitiko Ugarte industriagunea.

Martxoaren 30etik apirilaren 9ra, etxean gelditu beharko dute behar-beharrezkoak ez diren lanetan aritzen diren behargin guztiek. Langileek ohiko soldata eskuratuko dute, baina bi aste horietako lan orduak alarma egoera etetean egin beharko dituzte.

Espainiako Gobernuak oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak etengo ditu astelehenetik aurrera. Horrenbestez, bi astez, martxoaren 30etik apirilaren 9ra, etxean gelditu beharko dute behar-beharrezkoak ez diren lanetan aritzen diren behargin guztiek.

Konfinamendua hasi eta ia bi aste igaro direnean egin du neurri jakin hori azaltzeko agerraldia Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Hark azaldu duenez, herritarren mugikortasuna ahalik eta gehien gutxitzeko hartu du neurria; izan ere, horrela koronabirusaren hedapena murriztea espero du, baita datozen egunetarako ospitaleetan aurreikusten duten gaixo uholdea arintzea ere.

Sanchezek jakinarazi duenez, astelehenetik aurrera izango da indarrean berreskuratzekoa izango den ordainpeko baimena. Horrenbestez, langileek ohiko soldata eskuratuko dute bi aste horietan, baina alarma egoera bertan behera uztean, bi aste horietako lan orduak errekuperatu beharko dituzte, mailakatuta eta denboran banatuta. Dena den, Espainiako presidenteak ez du zehaztu nork ordainduko dituen baimen horiek.

Espainiako Gobernuak bihar onartuko du neurria dekretu bidez, eta astelehenean jarriko du indarrean. Erabakia hartuta dute dagoeneko, baina bihar argituko dute zeintzuk diren oinarrizkoak eta funtsezkoak diren jarduerak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide