Azkoitiko Udaltzaingoaren arabera, herritarrek "seriotasunez" hartu dute konfinamendua

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 24a, 17:35

Udaltzainburuaren arabera, herritarrak "ondo" ari dira gomendioak betetzen. Hala eta guztiz, bestelakorik ere badela adierazi du, asteburuan 25 identifikazio egin eta salaketa bat jarri zutela jakinarazita. Herritarrei "zentzuz" jokatzeko eskatu die Udaltzaingoak.

Astebetetik gora daramate dagoeneko herritarrek konfinatuta, eta beste hainbeste eta gehiago egon beharko dute egoera horretan; izan ere, Espainiako Gobernuak beste bi astez luzatu du alarma egoera, eta beraz, itxialdiaren epea.

Egora hori izanik, azken egunetan Ertzaintza eta tokian tokiko Udaltzaingoa kontrolak ezartzen ari dira errepideetan eta garraio kolektiboaren geltokietan. Maxixatzen.eus-ek egoeraz hitz egin du Xabier Artola Azkoitiko udaltzainen buruarekin, eta hark esan duenez, herritarrek "seriotasunez" hartu dute konfinamendua eta "ondo" ari dira gomendioak betetzen.

Ñabardura bat ere egin du, baina, herritar batzuek izan dituzten jarrerak kontuan hartuta: "Beti dago ogia erostera etxetik urrunen duen okindegira joaten saiatzen den edo kotxearekin bueltaka dabilen norbait, baina horiek salbuespenak dira". Haren arabera, joan zen asteburuan, 25 identifikazio egin zituzten. Dena den, Herritarren Segurtasunerako Legea hausteagatik, salaketa bakarra izapidetu dutela adierazi du. "Orokorrean, herri guztietan antzera gabiltza".

Udaltzainburuak adierazi duenez, Ertzaintzarekin ari dira elkarlanean, eta herritarrei "zentzuz" jokatzeko eskatu die, beren esku-hartzea zenbat eta murritzagoa izan "hobe" dela argudiatuta. "Horrek esan nahiko du herritarrak zuzen ari direla beren betebeharrak gauzatzen. Eta oraingoz, horrela da. Egoera honek pazientzia eskatzen du, pazientzia eta babesa, norberarentzat eta ingurukoentzat".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide