841 milioi bideratuko ditu Jaurlaritzak osasungintza eta ekonomia indartzeko eta herritarrak laguntzeko

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 24a, 16:21
IƱigo Urkullu lehendakaria, gaurko agerraldian. (Irekia)

Autonomoei eta enpresa txikiei nahiz ertainei laguntzera zuzenduko da diru sailik handiena. 200 milioi erabiliko ditu erakundeak osasun sistemaren baliabideak indartzera, eta familiei eta kolektibo zaurgarriei laguntzeko hainbat neurri ere hartuko ditu.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak bilkura egin du gaur, asteartea, eta hitzordu horren ostean agerraldia egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Izan ere, Jaurlaritzak erabaki du 841 milioi euroko diru sail bat bideratzea koronabirusaren eraginak gutxitzeko neurrietara. Urkulluren hitzetan, "ekonomiaren koma egoera" saihesteko hartuko dituzte neurriak, eta besteak beste, osasun sistemara, familietara nahiz kolektibo zaurgarrienetara eta enpresa ertainetara nahiz txikietara zein autonomoetara bideratuko dituzte.

Urkulluk adierazi duenez, osasun sistemak behar dituen sendagaien hornidurara eta ekoizpenera, osasun materialera, prebentzio eta telefono arreta zerbitzuak indartzera, ospitaleetako nahiz etxez etxeko zerbitzuetako langile kopurua indartzera eta osasun zentroetan arreta eskaintzeko gune berriak egokitzera bideratuko dituzte 200 milioi euro. Bestalde, 55 milioi euroko partida jarriko du Jaurlaritzak familiei eta kolektibo zaurgarriei laguntzeko. Besteak beste, gizarte larrialdiko laguntzak handitzea, haurrekolen, eskola garraioaren nahiz jantokien kuotak etetea, alokairu sozialeko errentak eta komunitate gastuak bertan behera uztea ere erabaki du erakundeak.

COVID-19 deitu duten programara bideratutako diru sailaren zatirik handiena ekonomiara bideratuko du Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, enpresa ertainei eta txikiei zein autonomoei laguntzea du xede Jaurlaritzak, eta horretarako 587 milioi euro baliatuko ditu. Dena den, zenbateko horretatik 18 milioi eta erdi koronabirusaren programatik kanpo gelditzen diren autonomoei eta enpresei zuzenduko dizkiete. Horiei material teknologikoa erostea, jaurlaritzarenak diren programa batzuetako ordainketak aurreratzea eta atzeratzea nahiz parke teknologikoetako zein industriaguneetako alokairuak atzeratzea ahalbidetuko die erakundeak.

Urkulluk azaldu duenez, jarduera ekonomikoa beharrezkoa da oinarrizko zerbitzuei sostengua emateko. Hark adierazi duenez, ordea, pertsonen osasunaren segurtasuna eta ekimen ekonomikoa uztartu behar dira: "Oinarrizkoa da enpresek pertsonen segurtasuna bermatzeko protokoloak martxan jartzea. Egoera dena izanik, langileen segurtasuna bermatu eta ekonomia jardunarekin segitu behar dugu. Lana babesteko beharrezkoa da logistikari, hornidurari, energiari eta pertsonentzat oinarrizkoak diren produktuen banaketari eustea". Lehendakariaren aburuz, ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko guztia bertan behera uztea "estatu mailan" hartu beharreko erabaki da: "Muturreko neurri bat izango litzateke".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide