Lizar bikoteak kontzertua eskainiko du gaur #EtxetikMundura saioan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 21a, 12:45
Lizar taldea.

Lizar bikoteak kontzertua eskainiko du gaur, zapatua, #EtxetikMundura egitasmoaren hirugarren saioan. Atzo, ostirala, Goiuri Epeldek poesia errezitatu zuen.

Ostegunean ekin zion Maxixatzenek #EtxetikMundura emanaldi sortari, eta Iñigo Antsorregiren ipuin kontaketa saioaren eta Goiuri Epelderen olerki errezitaldiaren ostean, gaur, zapatua, Lizar taldearen txanda izango da. Musikari azkoitiarrek ordu-laurden inguruko kontzertua eskainiko dute, 20:00etan hasita.

Datozen egunetan, berriz, #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duten sortzaileak gehiago izango dira: Tomas Lizarazu abeslariak, eta Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue bikoteak kontzertu txikiak eskainiko dituzte. Lurdes Sudupek, bestalde, liburu aholkuak egingo ditu, Iñigo Galdosek musika emanaldi txiki bat eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari batzuek bertsoak eskainiko dituzte. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Uztarriaren eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak gaurtik aurrera, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide