Konfinamenduari musika, Baztarrikaldean

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 19a, 12:43

Egunero, 20:00etan, balkoi eta leihoetara irteten dira auzoko bizilagunak eta festa egiten dute. Etxeko txikienei zuzendutako egitaraua prestatu dute biharko.

Baztarrikaldeko bizilagunek musika eta umore ona darabiltzate konfinamenduari aurre egiteko erreminta gisa. Egunero-egunero, 20:00etan, balkoietara eta leihoetara ateratzen dira eta sekulako festa egiten dute. Etxe batekoak arduratzen dira musika jartzeaz. "19:00etan hasten gara balkoian musika ekipoa muntatzen", azaldu diote Maxixatzeni. Kable luzagarriak atera eta zortzi bozgorailu jartzen dituzte balkoian.

"Hasieran, gure intentzioa zen Mikel Laboaren Txoriak txori abestia kantatzea eta txaloak jotzea, osasungintzan lanean ari diren profesionalei esker ona adierazteko". Baina ikusi zuten jendea animatzen hasi zela eta bizilagunek eskatutako abestien zerrenda eta guzti osatu dituzte dagoeneko. Facebook orrialdea ere sortu dute, Bastarrikaldie EtxeanGeratuDa izenarekin, eta han jartzen dute eguneko egitaraua. Abestiak orrialde horren bidez eskatzen dituzte auzoko bizilagunek eta proposamenak ere egiten dituzte, esate baterako, tanborrada txiki bat egitea.

luntzeko eguneroko saioaz gain, umeentzako festa ere antolatu dute biharko, etxetik atera gabe igaro beharko duten zubia arintzeko. "Etxeko txikienei behar bezala eskertu nahi diegu egiten ari diren esfortzua eta saiakera". Balkoiak apaintzeko eta 14:00etan balkoira ateratzeko deia egin diete auzokoei. Egitarauan jartzen duenaren arabera, merezitako txalo zaparrada emango diete umeei eta haientzako kantak jarriko dituzte, besteak beste. Gurasoei ere animatzeko eskatu diete antolatzaileek.

"Pixka batean bada ere, pantailak albo batera utzi eta gorputza mugitzeko aukera ematen digu musikak eta, gainera, giro polita sortzen da auzotarren artean". Konfinamendua bukatu artean, ez da festarik faltako Baztarrikaldean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide