Koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu Azkoitiko Udalak

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 16a, 16:03

Azkoitiko Udalak neurri berriak hartu ditu; udaletxea itxi egingo dute herritarrentzat, eta Berdura Plazako merkatuak martxan jarraituko du. Aldiz, zapatuko merkatua bertan behera gelditu da. Halaber, indarrean jarri du udalaren, Gurutze Gorriaren eta boluntario sarearen arteko lankidetza.

Udaleko koronabirusaren Jarraipen Mahaiak neurriak hartzen jarraitzen du. Batetik, herritarrentzat bihartik aurrera itxita egongo da udaletxea. Langileen parte bat bertan lanean aritu arren, herritarrek ez dute sarrerarik izango udaletxera.

Arreta telefonikoa eta telematikoa

Udalak arreta telefonikoa eta telematikoa eskainiko ditu aurrerantzean. Udalarekin harremanetan jartzeko 943-08 00 80 telefonora deitu beharko da edota mezua idatzi azkoitia@azkoitia.eus helbidera. Arreta ordutegia goizeko 07:30etik 15:30era izango da astelehenetik ostiralera.

Gizarte Zerbitzuetako departamentua ere martxan egongo da, eta arreta eskainiko du telefono edo posta elektroniko bidez. Hauek dira zenbakiak eta helbideak:

Gizarte Zerbitzuen arreta ordutegia ere astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:30era izango da.

Ostiralean ez da lanik egingo udaletxean

Testuinguru honen aurrean, udaletxean ez da lanik egingo datorren ostiralean, martxoaren 20an. Lan egutegiak horrelakorik aurreikusten ez zuen arren, lanik ez egitea erabaki udalak. Langileek lanorduak beste une batean berreskuratuko dituzte. Ondorioz, ostiral honetan ez da telefono bidezko arretarik emango. Edonola ere, Udaltzaingoak zerbitzua ematen jarraituko du.

Udalaren, Gurutze Gorriaren eta boluntario sarearen arteko lankidetza

Bakarrik bizi direnei eta une honetan laguntzeko seniderik ez duten pertsonei zuzendutako etxez etxeko laguntza zerbitzua martxan jartzeko prozedura diseinatzen ari da Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen saila. Azaldu dutenez, departamentua harremanetan dago boluntario sarearekin nahiz Gurutze Gorriarekin eta aztertzen ari da desabantaila egoeran egon daitezkeen gizon-emakumeen profila, kopurua edota dituzten beharrak, gero horiei laguntza "egokitzeko" eta suerta daitezkeen egoera ezberdinei "soluzioak emateko".

Udalaren arabera, ordea, dagoeneko Gizarte Zerbitzuetatik ari dira "soluzioak ematen" hainbat kasutan. Bihar zehaztuko ditu udalak zerbitzuaren ezaugarriak eta jarraitu beharreko protokoloa. Gogorarazi dute, beharra duen edonork deitu dezakela Gizarte Zerbitzuetara.

Zapatuetako merkatua, bertan behera; Berdura Plazako azoka, martxan

Jarraipen Mahaiak gaur erabaki du, halaber, zapatuetan egiten den merkatua edo azoka bertan behera uztea. Berdura Plazako azokak, ordea, irekita jarraituko du, betiere, postuen eta pertsonen arteko "distantziak errespetatuz".

Berdura Plazako azokan Udaltzaingoa arduratuko da postuen artean gomendatutako neurriak mantentzeaz. Halaber, udaltzainek ikuskapenak indartuko dituzte supermerkatuetan jendetzarik "bildu ez dadin eta bezeroek distantziak errespeta ditzaten".

Udaltzaingoaren bailara mailako bilera

Azkoitiko Udalak azaldu duenez, Urola Erdiko eta Urola Kostako udaltzainburuek bilera egin dute Ertzaintzarekin iritziak eta informazioa partekatzeko eta herri ezberdinetan hartzen ari diren neurriak aztertzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide